AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/19 12:44

Urtea amaitzen ari den honetan, lan-heriotzen kontrako aldarria egin du berriz Iruñerriko (Nafarroa) Laneko Autodefentsa Sareak (LAS): urtea hasi zenetik, gutxienez hemeretzi lan-heriotza izan dira Nafarroan, eta 61 Euskal Herri osoan. "Segurtasun-neurri egoki ezak, gehiegizko lan-erritmoak betetzeagatiko presioak eta baja- eta berreskuratze-prozesuen laburtzeak bultzatzen dute egoera lazgarri hori", LASen esanetan: "Heriotza horiek ez dira gertatzen istripu 'zorigaiztoko' edo 'giza-akats' soilengatik. Heriotza horiek erantzuleak dituzte".

Ohartarazi du "gero eta penagarriagoak" direla "lan-munduko egoera eta baldintzak", eta horren adibide direla "arrisku larrietara, muturreko baldintzetara eta segurtasun faltara kondenatuta dauden milaka langileak". Esan bezala, baina, horrek guztiak errudunak dituela azpimarratu du: "Gobernuak, patronalak eta sindikatu nagusiek bat egiten dute irabazi kapitalista gure kontura bermatzeko".

Negozioa langileriaren osasunaren eta segurtasunaren kontura

Aliantza horren bidez ezartzen ari diren askotariko neurriak norabide berean doaz, LASek gogorarazi duenez: "Osasun-zerbitzuen pribatizazioa eta kanporatzea, bajen malgutzea eta absentismoaren gaineko esku-hartze sozial handiagoa", eta abar. "Haiek aberasten diren bitartean, gu gaixorik eta lesionatuta goaz lanera, gure gorputzak muturrera eramanez", gaitzetsi du.

Eta baja malgutzeak, gainera, behargina "etengabeko prestutasun-erregimen baten mende" jartzen duela iritzi dio, "baja-eskubidea kontrol-tresna bihurtuz eta hura irizpide ekonomiko hutsetara murrizteko ateak irekiz". "Ofentsiba horrek, produktibitatea hobetzearen eta absentismoa murriztearen aitzakiapean, laneko baja kriminalizatzea eta [...] 'langile arduratsua' goraipatzen duen ikuspegia inposatzea du helburu", gaineratu duen modura.

Lan-prekaritatea, sistema kapitalistaren parte

LASek salatu du "gobernu, enpresa eta sindikatu nagusiek" fokua aldatu nahi dutela, arazo nagusia "lan-absentismoa" eta bestelakoak direla sinetsarazteko. Horren kontra, fokua beste nonbaiten jarri du LASek: "Benetako arazoa dena da, lan-ezbeharren kopurua urtez urte handitzen den bitartean, gure osasunarekin negozioa egitea eta bajak 'malgutzeko' neurriak ezarri nahi izatea".

"Politika horiei guztiei aurre egiteko" beharrari egin dio azpimarra LASek, ulertuta ez dela nahikoa "laneko prebentziora eta ikuskaritzara baliabide gehiago bidera ditzatela exijitzearekin": "Lan-prekaritateak sistema kapitalistan du bere oinarria, eta hori da lanpostuan heriotzera bultzatzen gaituena". Autodefentsa Sareak, hala, "langileon arteko eskuzabaltasuna zabaltzera eta instituzioetatik kanpo antolatzera" deitu du; baita langile-boterea eraikitzera ere, "etekin kapitalisten kontra eta gure ongizatearen alde".

EZ DAGO IRUZKINIK