Estoniako Parlamentuak konstituzio-zuzenketa bat onartu zuen martxoaren 26an, Errusiako herritarrei eta Europar Batasunetik kanpoko beste biztanle batzuei tokiko hauteskundeetan bozkatzea galarazten diena. 101 legegileetatik 93k babestu zuten neurri baztertzailea, eta "Ukrainako gerrarekin lotutako segurtasun-kezkek" justifikatzen dute ofizialki. Estoniako lehen ministro Kristen Michalek esan du neurria "guztiontzako garaipena" dela, eta, hain zuzen ere, hala defendatu du X sare sozialean: "Gure tokiko bizitzan erabakiak ez dituzte estatu erasotzaileetako herritarrek hartuko, geuk baizik".
Orain, Estoniako presidenteak sinatu beharko du araua, indarrean sar dadin. Ekimena berresten badu, estoniar herritartasunik ez duten biztanle batzuek urriko udal-hauteskundeetan eman ahal izango dute botoa azken aldiz. Gaur egun, "behin betiko egoiliartzat" jotako pertsonek botoa eman dezakete tokiko hauteskundeetan, baina ez hauteskunde orokorretan. Estonian bizitzeko baimena duten 80.000 errusiar ingururi eragingo die neurri berriak, baita 1991n Sobietar Batasuna desegin ondoren aberrigabe egoeran geratu ziren ia 60.000 pertsonari ere.
Michalek aurretik ERR irrati publikoari azaldu izan dionez, "pertsona batek Errusiako herritarra izan nahi badu, ez luke Estoniari buruzko eztabaidetan parte hartzerik espero behar". Estoniako Gobernuak, hala, argudiatzen du murrizketa berriak "Errusiak herrialdearen barne-arazoetan esku hartzeko balizko arrisku bati" erantzuten diola. Estoniak BPGaren %5eraino igo du aurrekontu militarra datorren urterako, eta hainbat neurri esanguratsu hartu ditu, hala nola, monumentu sobietarrak kentzea.
Moskuk gaitzetsi egin ditu Estoniako Gobernuaren azken mugimenduak, etsaitasunezko neurri gisa seinalatuz, eta Kaja Kallas Estoniako lehen ministro ohiaren aurkako bilaketa-agindu batzuk eman ditu. Kallas Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politikarako goi-ordezkaria da gaur egun, Europako beste funtzionario batzuekin batera. Ikur historikoak kentzea leporatu die Errusiak, kendu dituzten oroigarrietako batzuk nazien aurka borrokan hil ziren Armada Gorriko soldaduen memorialak baitira.