AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/21 23:55

Su-etena hautsita abiatutako erasoaldi berrian, Gazako Zerrendan 600 palestinar baino gehiago erail ditu jadanik Israelgo Estatuak. "Estatu supremazista honek ez du akordiorik nahi, eta palestinar herriaren aurkako genozidioarekin aurrera jarraitzeko asmoa du", ohartarazi zuen atzo Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Izan ere, estatu sionistaren izaera genozida salatzeko eta palestinarrei elkartasuna adierazteko, protestak egin zituen atzo arratsaldean: Euskal Herriko hamazazpi herritan mobilizatu zen.

Sirian, Yemenen, Libanon edo Iranen ere sionistek erasoak areagotu dituztela nabarmenduz, EHKSk seinalatu zuen, "Netanyahuren gobernuaren belizismoari ez ezik, Estatu Batuak buru dituen Mendebaldeko bloke inperialistaren interesei erantzuten" diela azken oldarraldiak. "Estatu Batuen funtsezko aliatua da Israel", azaldu zuen: "Palestinarren garbiketa etnikoaren alde ere bi bazkideak bat datoz, Trumpek duela aste batzuk Gazan hotelak eraikitzeko iragarritako planarekin ikusi genuen bezala".

Europar Batasuna konplize

Eta, horri lotuta, Europar Batasunaren rola azpimarratu du EHKSk: "Erabat lerratuta dago oligarkia atlantistaren interesekin, eta beraz, baita estatu sionistarekin ere". Espainiako Gobernuaren kasuan, "Palestinaren aldeko mezu hipokritak zabaltzen" dituela baina, gero, "sarraskia gelditzeko inolako neurri efektiborik hartu gabe" mantentzen dela salatu du Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak. Hala, Europar Batasuneko hamaika herrialdek sionistekin "harreman diplomatiko, ekonomiko, eta militarrak izaten jarraitzen" dutela dio, eta denek ahalbidetzen dutela palestinarren genozidioa.

Bi estatu?

EHKSk, bestalde, gogor kritikatu du berriz "sozialdemokraziak defendatzen duen bi estatuen irtenbidea"; "Israelen izaera kolonialagatik ezinezkoa izateaz gain, gatazkaren erroa estali eta estatu sionistaren existentzia legitimatzen" duelako. Eta gaineratu du "gaur egun su-etena soluzio gisa aldarrikatzea, Israelek behin eta berriro frogatu duenean ez duela inolako akordiorik errespetatuko", ez dela "irtenbide bat".

"Israelek existitzen jarraitzen duen bitartean, sarraskia eta heriotza hedatzen jarraituko du Ekialde Hurbilean", abisatu du antolakundeak: "Palestinaren askatasuna estatu sionistaren desagerpenaren eskutik baino ezingo da etorri". Eta, norabide horretan aurrera egiteko, hiru zeregin markatu ditu: "palestinarren erresistentzia eskubidea babestea inolako ekidistantziarik gabe"; "Mendebaldeko enpresen, instituzioen eta alderdi politikoen konplizitateari aurre egitea Israelekin harremanak eten ditzaten", eta "nazioartean kapitalismoari eta gerrate inperialistei aurka egingo dien langileon indar iraultzaile bat antolatzen hastea".

EHKSren protestez gain, Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako zenbait mobilizazio ere izan ziren atzo arratsaldean; hain zuzen ere, Altsasun (Nafarroa) eta Iruñean (Nafarroa).

EZ DAGO IRUZKINIK