AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/15 12:05

Palestinako erresistentzia are gehiago itotzeko hiru lege-proiektu onartu ditu Israelgo Parlamentuak (Knesset), mendeku eta kriminalizazio gakoetan. Batetik, "terroristatzat" jotako delituengatik kondenatutako palestinarren senideak deportatu ahal izateko neurri bat adostu du gobernu sionistak, horiek "israeldar" nazionalitatea izan arren. Benjamin Netanyahuren Likud alderdiak proposatu zuen legea, eta jopuntuan jarri ditu palestinar milizianoen gurasoak, anai-arrebak zein seme-alabak.

Agintaritza sionistek ebazten badute miliziano palestinarren batek egindako "operazioaren" berri zutela bere senideek, eta ez zutela "beharrezko esfortzurik" egin ekintza hori ekiditeko, arriskuan egon daitezke: sionistek okupatutako lurretatik bota ditzakete, Gazako Zerrendara kanporatuta. Israelgo Estatuko Barne Ministerioak izango du horretarako eskumena, berak emango baititu palestinarren deportazio-aginduak.

Hamar eta hogei urte arteko iraupena izan dezakete kanporatzeek Jerusalem Ekialdeko biztanleen kasuan, eta zazpi eta hamabost urte artekoak Israelgo Estatutzat jotako eremu okupatuan bizi diren palestinarren kasuan. Israelgo Poliziak aukera izango du indarrez pertsona horiek atxilotzeko eta deportatzeko, Barne Ministerioak hala aginduz gero.

Argi dago nor den legearen objektua: palestinar milizianoen hurbileko senideak. Hala erakusten dute neurriaren xedapenek, Times of Israel egunkariak berak azaldu duen modura. Izan ere, legeari buruzko eztabaidan bertan zehaztu zutenez, neurriaren irismenetik kanpo utziko dituzte sionistak, haiei ez baitiete "terrorismoa" egotziko: palestinarren erresistentzia-ekintzak soilik egongo dira jomugan.

Haurrak legez kartzelaratzeko legea

Bestetik, eta Israelgo Estatuaren partetik ohikoa bada ere adin txikiko palestinarrak atxilotzea, torturatzea nahiz espetxeratzea, horretarako lege-esparrua erraztu du gobernuak. Auzitegi sionistek baimena izango dute 12 urtetik aurrerako palestinarrei kartzela-zigorrak ezartzeko, "arrazoi terroristengatiko hilketa" kasuetan, eta zentro berezi batzuetan sartuko dituzte, haurrek 14 urte bete arte. Adin hori izatean, espetxe arruntetara eramango dituzte.

Bost urtez egongo da indarrean neurria, baina hura luzatzeko aukera aurreikusi dute. Hala ere, 2016tik 2022ra bitartean ere antzeko erabaki bat hartu zuen estatu sionistak. Save the Children erakundearen arabera, azken 20 urteetan, adin txikiko 10.000 palestinar inguru atxilotu eta kartzelaratu dituzte sionistek.

Sorgin-ehiza

Hori gutxi balitz, hirugarrenik, Hezkuntza Ministerioari begirako lege-proiektu bat onartu dute sionisten parlamentuan. Aldez aurreko jakinarazpenik egin behar izan gabe, ministerioak eskumena izango du irakasleak kaleratzeko, irizten badu "terrorismoa babesten" dutela edo agintaritzek "terroristatzat" jotako ekintzekiko "elkartasuna" erakusten dutela.

Halako irakasleak eta babesa atzematen dituzten ikastetxeetan, diru-iturriak eta baliabidek mozteko aukera izango du gobernu sionistak. Aipamen berezia egin die Jerusalem Ekialdeko eskolei.

EZ DAGO IRUZKINIK