AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/25 07:14

CNT sindikatuak aurkeztutako helegitea atzera botata, Suizako seiei ezarritako kartzela-zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Gijongo epaitegi batek lehenengo eta Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiak gero, hiru urte eta erdiko zigorrak jarri zizkieten sei sindikalistei 2021ean, Gijongo Suiza gozotegiaren aurkako protestetan eta piketeetan parte hartzeagatik. Gorenak aurtengo ekainaren 18an berrikusi du kausa, baina akusatuen kontrako zigorra onetsi besterik ez du egin.

"Derrigortze larrien delitu jarraitu bat" leporatzen diete, baita "justizia-administrazioaren aurkako delitu bat" ere, Suiza gozotegiaren jabeari "jazarpenak egitea" egotzita. Negozioak ateak itxi izana borroka sindikalak eragin zuela interpretatu dute auzitegiek, nahiz eta jabeak urtebete lehenago jarri zuen salgai. Enpresaren kontrako mobilizazioetan, "lan-esplotazioa eta gehiegikeriak" salatu zituzten sindikalistek. Zortzi pertsona auzipetu zituzten horren harira, eta horietatik sei kondenatu zituzten prozesuaren amaierarako: Suizako seiak.

CNTk urte hauetan zehar defendatu duenez, borroka sindikala izan zen Suizako jabearen kontra egindakoa. Auzitegiek seinalatu dituzten ekintzen artean honakoak daude, besteak beste: Suizako enpresaburuaren erasoak salatzeko bideo bat eta eskuorriak egin izana, langileetako batek jasan behar zituen lan- eta sexu-jazarpenaren berri emanez; gozotegi aurrean elkarretaratzeak egin izana eta horietarako deialdiak sare sozialetan zabaldu izana, eta abar.

Hainbat hilabetez luzatu ziren protestak, enpresaburuak uko egin baitzion beharginari kalte-ordainak emateari, bidegabe kaleratzeagatik. CNTk azpimarratu du ekintza sindikalengatik espetxeratuko dituztela sei lagun, eta aurrekari arriskutsu bat izan daitekeela hori, "gatazka baten kontra mobilizatze hutsagatik milaka pertsona kondenatzeari bide egin diezaiokeelako".

EZ DAGO IRUZKINIK