Urtea hasi zenetik, EAEko kartzeletara ekintza soziokulturalak egitera joaten diren elkarteei eta artistei agiri bat sinarazten die Eusko Jaurlaritzak, ondoko izenburuarekin: Euskadiko espetxeetan aisialdirako gizarte- eta kultura-jardueretan tratamendu-helburua eta delituen biktimen duintasuna eta sentimenduak errespetatzeko konpromisoa. Horren atzean ezkutatzen dena da, hala ere, zentsura politiko argi bat: gobernuak aurreko urtearen amaieran eman zuen ulertzera gogortu egingo zuela zentsura bere eskumeneko kartzeletan, Fermin Muguruzak Martutenen (Gipuzkoa) eskainitako emanaldia zela-eta sortutako zalapartaren ostean.
Gaur egun elkarteei eta artistei eskatzen dieten "konpromiso" idatzi horrek bi agindu nagusi jasotzen ditu, lausoak izan arren. Batetik, sinatzaileen "jarduna eta haren edukiak, betiere, askatasunaz gabetutako pertsonak gizarteratzeko prozesuaren eta espetxe-tratamenduaren xede den jokabide prosozial egokiaren aldekoak izango direla"; eta, "funtsean eta forman, saihestu" egingo direla "Giza-Eskubideen, Ordenamendu Juridikoaren eta espetxeetako tratamendu psikosozialaren aurkako balioak eta jarrerak babestea, justifikatzea eta goratzea ekar dezaketen adierazpenak". Eta, bestetik, markatzen da "jarduerak eta edukiek" ezin izango dutela "inola ere iraindu edo kaltetu inolako delituren biktimen duintasuna eta sentimenduak, edozein dela ere babestutako ondasun juridikoa".
Orain arte ere, neurri zentsuratzaileak hartu ditu Jaurlaritzak bere eskumeneko presondegietan. Iazko ekainean kaleratu zuten idatzi bat EAEko espetxeetan gatibu dauden zenbait preso politikok, besteak beste, bisitak jasotzeko eskubideari dagokionez jasaten ari ziren urraketak salatzeko: hainbat laguni debekatu zieten haiei bisitan joatea, arrazoi politikoak eta ideologikoak tarteko, "Eusko Jaurlaritzak eratutako zerrenda beltz batez baliatuz". Horretaz gain, zerrenda beltz horretan oinarrituta, pertsona askori debekatu zien gobernuak kartzeletara sartzea eta "kirol- nahiz kultur-ekitaldietan parte hartzea", presoek gutunean jakinarazten zutenez.