AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ecuador Etxea
2025/06/04 08:30

Bilbon (Bizkaia) atzo epaitu zuten pertsona bat, Ainara, 2023ko abuztuan kaleko saltzaile bat babesteagatik eta Udaltzaingoak atxilo eraman zezala ekiditeagatik. 11:30ak aldera hasi zen judizioa Zigor Arloko 3. epaitegian, baina horren aurretik, Ainarari babesa adierazteko elkarretaratze bat izan zen epaitegi aurrean, Buenos Aires kalean. Manteroekin bat! plataformak egin zuen deialdia, Manteroekiko elkartasuna ez da delitua. Abusu polizialei ez! lelopean.

Epaiketan ez zen aldeen arteko akordiorik izan. Fiskaltzak urtebeteko kartzela-zigorra, 2.000 euro baino gehiagoko isuna eta 2.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatzen ditu auzipetuarentzat, eta harago doa akusazio partikularra, udaltzainetako bat ordezkatzen duena: hiru urte eta hiru hilabeteko zigor eskaera egin du, eta 3.000 eurotik gorako kalte-ordaina ere exijitzen du.

"Agintaritzari eraso egitea" leporatzen diote epaitutako emakumeari, udaltzainetako bati buruan ostikada bat eman ziola esaten baitu bertsio ofizialak. Berak, baina, atzo berretsi zuen ez zituela polizia-agenteak jo, eta bere defentsak erakutsitako bideo batean ikusten da hori: ostikada bat baino ez zuen eman auzipetutako pertsonak, eta ez zuen horrekin inor jo. Epaitegian hitz egin duen lekuko bakarrak, gainera, Poliziaren bertsio ofiziala gezurtatu du.

2023ko abuztuaren 9ko gertakariengatik epaitu dute Ainara. Bilboko Kale Nagusian, kale-salmentan ari ziren pertsona batzuen kontra jo zuten udaltzainek, eta saltzaileetako bat modu oso biolentoan atxilotzen saiatzen ari zirela ikustean, bera babesten eta laguntzen saiatu zen emakumea. Tartean sartu zenean, bera eraman zuten atxilo azkenean, eta poliziei eraso egitea egotzi zioten.

Kaleko saltzaileen kontrako errepresioa, gora

Atzoko protestan Manteroekin bat! plataformak salatu zuen Bilbon "gero eta ohikoagoak, neurrigabeagoak eta ugariagoak" direla kaleko saltzaileen kontrako eraso polizialak. "Behin baino gehiagotan eramaten dituzte atxilotuta, gaua ziegetan pasarazten diete, eta gero epaituak izaten dira"; eta, hori gutxi balitz, gainean daramatzaten gauzak lapurtzen dizkiete. Plataformako kideek jakinarazi dute, gainera, udal-gobernuko ordezkariekin bildu ostean, "administrazioaren isiltasuna eta errepresio handiagoa" jasan dituztela.

EZ DAGO IRUZKINIK