AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko agerraldiko irudi bat.
2022/07/18 17:54

Gasteizko (Araba) udaletxearen aurrean agerraldi bat egin dute gaur Gazte Koordinadora Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak, salatzeko espazio publikoa pribatizatzeko hautua egin duela udalak. Gogorarazi dutenez, aurten Mugimendu Sozialistako bi eragile horiei jarri die beto politikoa Gasteizko Txosna Batzordeak, atzera bota baititu txosna jartzeko egindako eskaerak. "Parte hartzeko irizpide guztiak betetzen ditugun arren, eskaera ukatua izan zitzaigun inongo arrazoirik eman gabe", ekarri dute gogora GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko kideek.

"Agortzutzat eman" zituzten "Txosna Batzordearekin eztabaidatzeko bide guztiak", eta orduan, udalarekin jarri ziren harremanetan GKS eta Etxebizitza Sindikatua, txosna jartzeko duten eskubidea "bermatua izan zedila eskatzeko". Hala, Txosna Batzordearen kontrolpeko espazioan txosna bat jartzea debekatzen bazaie, beste lekuren bat erabiltzeko aukera jarri zuten mahai gainean GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak. Duela bi hilabete baino gehiago aurkeztu zuten txosna jartzeko eskaera udalean, baina oraindik ez dute erantzunik jaso; hiru aste baino ez dira geratzen Gasteizko jaiak hasteko.

Elkarren eskutik jarritako betoa

GKSko eta Etxebizitza Sindikatuko kideek salatu dute, beraz, udalak "bere egin" duela Txosna Batzordeak ezarritako beto politikoa. "Praktikan, Txosna Batzordeak bere interes politikoen arabera eta arbitrarioki arautzen du nork jar dezakeen txosna, udalak baimenen kudeaketarako esklusibotasuna onartzen dion neurrian", azaldu dute: "Horrela, espazio publikoan txosna jartzeko aukera pribatizatzeko hautua da bai udalak eta bai Txosna Batzordeak elkarren eskutik egiten dutena".

Hortaz, "espazioaren kudeaketarako prozedura irregular eta justifikaezin hori" salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak. "Ulertzen dugu afinitate ideologikoa duten eragileek elkarrekin lan egiteko aukera izatea, baina horrek ezin ditu gainerako eragileen txosnak debekatu eta isunekin mehatxatu", gaineratu dute.

Beste eskaera bat

Duela bi hilabete idatziz aurkeztutako eskaerari "entzungor egiteari utz" diezaiola eskatu diote udalari GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, "udalak espazio publikoaren erabilera ez baztertzailea bermatu behar duela" azpimarratuta. "Gainontzeko eragileen baldintza berdinetan espazio publikoa erabiltzeko" duten eskubidearen "berme gisa", aurtengo festetan txosna jartzeko beste baimen bat aurkeztu dute, ezohikoa oraingoan.

Txosna Batzordearen kontrolpeko eremutik kanpo txosna jartzeko lau toki desberdin proposatu dizkiote udalari, "eta beharrezkoa izanez gero, alternatiba gehiago bilatzeko prest" daudela argitu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak. "Hori guztia baloratzeko elkarrizketarako deia luzatzen diogu udalari. Bien bitartean, Gasteizko jaietarako egitarau bat antolatzen ari gara", esan dute.

Bestalde, adierazi dute haien "asmoa" ez dela "inoren festak zapuztea", "festetan gainontzeko eragileen baldintza berdinetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzea baizik".

EZ DAGO IRUZKINIK