Urteak dira Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzuloko kideek gaztetxearen desalojoaren eta eraisketaren mamua gainean dutela. Aurrera doaz Putzuzulo kokatzen den eremuan etxebizitzak eraikitzeko obrak eta, hortaz, duela bi urtetik izan da, "alternatibarik gabe", Zarautz berehalakoan gaztetxerik gabe geratzeko arriskua; "hamaika gazte, eragile eta proiektu elkartzeko eta lan politiko eta kulturala egiteko aterperik gabe geratzeko arriskua. Eta batez ere, bizi-perspektiba gero eta gordinagoa duten belaunaldi berriak antolatzeko espaziorik gabe uztekoa".
Horren aurrean, eta Zarautzek gaztetxea behar du lelopean, borrokaldi bati ekin zioten Putzuzuloko kideek. Luzea izan da herrian gaztetxe bat bermatuta izateko borroka: "asteroko asanbladak, erabakiak, txostenak, negoziazioak, batzarrak, ezusteko albisteak, agerraldiak, kanpainak...". Baina, azkenean, "antolakuntzaren eta borrokaren bitartez", lan politiko eta kulturala egiten jarraitzeko espazio bat ziurtatzea lortu dute: Zarauzko Udalak espazio bat lagako die gaztetxe bilakatzeko, eta lagapen-agiri baten bidez lortu dute udalak horretarako konpromisoa hartzea, hogei urtez gutxienez.
Exijentziak, jasota
Asanbladak hasieratik egindako exijentziak jaso dira lagapen-agiri horretan. Egindako eskaeren artean zeuden, besteak beste; eraikin berriaren kudeaketa eta erabilera asanblaren esku geratzea, asanbladaren jardunak udalarekiko menpekotasunik ez izatea, nahiz etorkizunean ere Zarautzen gaztetxe bat izateko baldintzak jasota geratzea.
Hala, gaur egungo agiriak hogei urteko iraupena izango badu ere, uneren batean eraikin berria eraitsiko balitz, gaztetxea beste leku batera lekualdatu beharko luke udalak, "gaur egungo baldintza berdinetan eta gaztetxearen jardunean etenik ez egoteko moduan".
Antolatutako indarrak
"Badakigu, noski, orain arte bezala, gaztetxean antolatutako indarrek eta bertan egingo den lanak baino ezingo dutela paperean dagoen hori bermatu", adierazi zuten atzo Putzuzuloko kideek: "Jakitun gara gaztetxeen desegonkortasun egoera orokorraz, eta beste behin, argi ikusi dugu antolakuntza eta borroka direla halako espazioak mantentzeko eta zabaltzeko giltza bakarra".
Argitu dute hori guztia ez dela udal edo alkate baten "balizko borondatearen eta merituaren fruitua": "Ezin ahaztu urte luze hauetan guztietan EAJ buru izan duten hainbat eta hainbat herritan jazarri, hustu eta eraitsi dituzten gaztetxeen zerrenda luzea" —EAJrena da Zarauzko alkatetza—.
Hala, Putzuzuloko kideek gogoan izan dituzte, "gu egon garen bezala, desalojo arriskuan dauden gaztetxeak eta bestelako espazioak. Tamalez, luzeegia da zerrenda. Gure babes eta elkartasun guztia gaztetxeei eusteko lanean ari zareten guztioi, eta gure mespretxurik handiena gaztetxeak nahiz okupazioa etengabe erasotzen dituzten sistemaren kudeatzaileei".
Aipatu dute, gainera, "lan gogorra" dutela aurretik orain espazio berria egokitzeko, eta laster emango dutela lan horien berri.