AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Directa
2023/01/30 17:26

Beste polizia infiltratu bat ezagutarazi du berriki Directa agerkariak. Polizia-satorra Bartzelonako eta Sant Andreuko (Herrialde Katalanak) mugimendu zein espazio politiko ugaritan izan zen 2020ko ekainetik 2023ko urtarrilera bitartean. "La Cinètika gizarte-zentrora hurbildu zen 2020an, eta "harreman sexu-afektibo instrumentalak" izan zituen hainbat emakumerekin, "batzar, jardunaldi eta manifestazioetan parte hartzea lortzeko", Directa-n salatu dutenez. Are gehiago: hedabideak elkarrizketatutako zortzi emakumek aktibista faltsuarekin hitz egin dute azken hiru urteetan, eta horietako bik bikote-harreman bat izan dute berekin.

2020ko ekainaren hasieran, sasoi hartan 31 urte zituen polizia-agente infiltratua Bartzelonako Fabra y Puig pasealekuko La Cinètika zentro sozial okupatuko gimnasioan aurkeztu zen aurreneko aldiz, Dani Hernandez Pons izen faltsuarekin. "Helbidea internet bidez topatu zuela eta entrenatzeko toki ekonomiko baten bila ari zela zioen", kontatu du tokiko militante batek erreportajean. Auzoko bizitzan eta mugimendu libertarioan "inplikazio azkarra" bilatu zuen, "mundu guztiaren konfiantza lortzeraino". Bide horretan, etxebizitza, zentro sozial zein ateneo ugaritan sartu zen, eta leku horietako giltzen kopiak ere lortu zituen kasuren batean.

Estatu-operazio zabala

Espainiako Estatuan indarrean den legediaren arabera, infiltrazio mota horiek agindu judizial baten babespean baino ezin daitezke egin; "terrorismoa, krimen antolatua eta narkotrafikoa ikertzeko". Beraz, espioi ugari militantzia-esparruetan sartzeko operazio bat litzateke azaldutakoa, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren agindupean bakarrik gauzatu ahalko litzatekeena.

2020ko ekainaren 2an, Espainiako Poliziako beste agente bat infiltratu zen Ezker Independentistan eta etxebizitzaren aldeko mugimenduan, Marc Hernandez Pon nortasun faltsuarekin. Directa-k duela zazpi hilabete eman zuen haren berri, eta, oraingoan, "bakarrik ez zegoela" ziurtatu ahal izan dute.

Ziurtagiri zientifikoa

Daniel Hernàndez Ponsen atzean ezkutatzen den benetako nortasuna baieztatu ahal izan du agerkari katalanak. Espainiako Poliziako agentea da, eta D. H. P. inizialak ditu, nortasun faltsuarekin bat datozenak. Bere benetako nortasuna ezagutzeko moduak "infiltratuak egindako akatsei esker" eskuratu dituzte, bere iraganari eta orainari buruzko datu irekiekin. Bestalde, 2018-2019 biurtekoan Avilako polizia-eskolan ateratako argazkiak eta Bartzelonako ekintzaile gisa egindako irudi-galeriakoak alderatzen dituen peritu-proba fisonomiko bat lortu dute. Norbanakoaren aurpegiko hogei ezaugarri eta burezurreko neurrien datuak eskuan hartuta, argazkiak "pertsona bakar eta berarenak" direla ondorioztatu du Directa-k.

Errekaleorreko Topaketa Libertarioetan

Infiltrazioa ez zen Bartzelonara mugatu, polizia-satorrak Madrilera eta Gasteizera (Araba) ere bidaiatu baitzuen. 2021eko irailaren 16tik 19ra Arabako hiriburuko Errekaleor auzo okupatuan izan zela frogatu dute. Hango Topaketa Libertarioetan hartu zuen parte, La Cinétika espazioaren izenean. Espainiako Estatuko beste kolektibo batzuk ere ekimenean izan ziren. "Errekaleorreko jardunaldietara joan aurretik, azken momentuan eman zuen izena, nahiz eta erasoen aurkako gida bat aurkeztera gindoazen, zeinetan berak ez zuen parte hartu", azaldu dute La Cinétikako kideek. Errekaleorren kamisetak eta beste hainbat material erosi zituen, gero Bartzelonan janzteko eta erakusteko asmoz.

Ibilbide luzea

2020ko abenduan lortu zuen infiltrazioa egonkortzea, Sant Andreu de Palomarreko festetan, militante batekin bikote-harreman bat hasi ostean. Gerora, infiltratuak bere sinesgarritasuna indartu zuten ekimen ugaritan hartu zuen parte. Hilaren 21eko protestan, mossoek "kapsulatutako manifestarietako bat" izan zela azaldu du Directa-k. Gainera, gutxienez lau etxegabetzetan ere egon zen, eta, horietako batean, Desokupa kaleratze estrajudizialen enpresako kideei aurre egin zien. 2021eko apirilaren 7an, mossoek Languedoc kalean egindako esku-hartze baten aurka jo zuen. Orduan, beste kide batzuekin besoetatik helduta erresistentzia egin zuen eraikinaren atean. Brigada Mugikorreko istiluen aurkako agenteek 600 euroko isuna ezarri zioten, baina ez zuen zigor administratiboaren aurkako inolako helegiterik aurkeztu eta, ingurukoei azaldu zienez, "ez zuen ordaindu".

Hanka-sartzea

"Daniren" infiltrazioa eraginkorra izaten ari zen, 2022ko ekainaren 7an Directa-k beste polizia-sator bat hauteman zuen arte: lehen aipatutako Marc Hernandez Pons. "Marc" delako agenteak Bizum plataformaren bidez ordainketak egiten zituenean, "Daniren" abizen berberak ageri ziren; hau da, Hernandez Pons. Directa-k agirietako probekin erakutsi ahal izan duenez, Sant Andreu de Palomarreko infiltratuaren NAN zenbaki faltsua 42394056L zen, Daniel Hernandez Pons izenarekin. Beraz, baliteke Espainiako Estatuaren espiotza-zerbitzuek ustezko bi anairen identitate faltsuak sortu izana. Bistan denez, hutsegite horri esker harrapatu dituzte: bietako bat harrapatuz gero, bestea ere harrapatuko zutelako. Gainera, lehen infiltratuak ez bezala, bigarrenak bere benetako datuak ere eman zituen tarteka: Mallorcakoa zela, alegia.

EZ DAGO IRUZKINIK