AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Espainiako Poliziako operazio-buruak emakume bat bortxatu du
Marlaskak dio "atzora arte" ez zuela horren berri, baina polizia-indarretan zenbat erasotzaile matxista dauden argitu gabe jarraitzen du. Prentsak biolentzia matxistari lotutako hamabi kasu jaso ditu hiru hilabetean Espainiako Estatuan.
2026eko otsailaren 18
Espainiako Poliziako operazio-buruak emakume bat bortxatu du
— ARGAZKIA RTVE

Espainiako Poliziako operazio-buruak, Jose Angel Gonzalezek, dimisioa eman zuen atzo, emakumezko agente batek salatu ostean bortxatu egin zuela. Madrilgo epaitegi batek tramiterako onartu du emakumeak Gonzalezen aurka aurkeztutako kereila, eta horren ondoren egin dio uko karguari Poliziako buruak. Sexu-eraso delitu batengatik ikertuko dute, "penetrazioa", "koakzioak", "lesio psikikoak" eta "ondasun publikoak bidegabe erabiltzea" tartean.

Cadena Ser-ek aurreratu eta El País-ek baieztatu duenez, Madrilgo Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko 8. Epaitegiak deklaratzera deitu ditu bai biktima bai salatua, martxoaren 17rako. Espainiako Barne Ministerioko iturrien arabera, "Espainiako Poliziaren izena ez kaltetzeko" eman du dimisioa Gonzalezek.

Kereila eskura izan du Cadena Ser-ek, eta azaldu duenez, gertakariak iazko apirilean jazo ziren, emakumezko agentea lanean zegoela. Biktimaren esanetan, auto kamuflatu batean jatetxe batera joateko agindua jaso zuen, goi-agintaria eta beste komisario bat bertan zeudela. Horren ondoren, bere etxera eramateko agindua eman zion Gonzalezek; Barne Ministerioaren jabetzakoa den etxebizitza batera, hain zuzen ere.

Behin hara iritsita, "bere autoritateaz baliatuta", agentea bortxatu zuen polizia-buruak, lesioak eraginez. Gero, ihes egitea lortu zuen hark. Audio-grabazio bat aurkeztu du froga gisa, eta, antza denez, bortxatzailea entzun daiteke bertan, ondokoa esaten: "Aizu, Zuzendari Laguntzaile Operatiboa [DAO gazteleraz] naizela". Emakumeari presioa egiten ere entzuten omen da Gonzalez, gertatutakoa kontatu ez dezan.

Gonzalezen ingurukoen jazarpena

Salaketa jarri duen emakumea bajan dago gaur egun, depresioagatik. Ziurtatu du baimendutako harreman bat izan zuela operazio-buruarekin, baina hura amaitutzat ematen saiatu zenean, areagotutako presioa eta mehatxuak jasan zituela bere partetik. Kereilan zehazten denez, gainera, Gonzalezen ingurukoek "koakzio-kanpaina bat, presio psikologikoa eta telefono bidezko jazarpena" abiatu zituzten biktimaren kontra.

Zehazki, beste komisario bat aipatzen du emakumeak: Oscar San Juan Gonzalez. Bortxatzailearen "eskuineko eskua" da antza, eta bortxaketa isilpean mantentzearen truke, lanerako helmuga aukeratzea eskaini zion biktimari: "Aukeratu zein helmugatara joan nahi duzun, eta pentsatuta daukazunean, Whatsapp bidez bidali". Jasotako deien eta mezuen erregistro bat aurkeztu du agenteak, jazarpena frogatzeko.

Barne Ministerioak dio ez zekiela ezer

Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak atzo adierazi zuen, Espainiako Kongresuan, ez zeukala salaketaren berri "atzora arte". "Ez dut ezkutatu, atzora arte ez genekien ezer; jakin izan bagenu, ezagutza minimoa izan bezain pronto, [karguari] uko egitea eskatuko nuke, edo berehala kargugabetuko nuke", zioen. Oscar San Juan Gonzalezen aurkako ikerketa bat hasiko duela ere iragarri zuen Marlaskak.

Momentuz, "gaur egungo eginkizunetatik" kendu du komisario hori, koakzioetan parte hartzeagatik. Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak "ustezko bortxatzaile bat babestea eta estaltzea" leporatu dio Espainiako Gobernuari, Maria Jesus Montero presidenteordeak gobernuaren jarrera defendatu duen bitartean: "Gobernuak egin behar zuena egin zuen, eta Marlaska jaunak ere bai". Jorge Piedrafitak, biktimaren abokatuak, "erasoa jasan duen funtzionarioa babesteko ahal diren neurri guztiak" hartzeko eskatu dio Barne Ministerioari.

Gutxienez hamabi kasu larri hiru hilabete eskasean

Poliziako goi-karguen artetik argitaratutako kasu horrekin, gutxienez hamabi dira azken hiru hilabeteetan Espainiako Estatuan jopuntuan jarritako polizia-agenteak, judizializatutako indarkeria matxistagatik. Aste honetan bertan, Alcala de Henaresko udaltzainburua ikertzen hasi dira, genero-indarkeria eta familia-eremuko tratu txarrak egotzita. Horrekin batera, Almeriako Auzitegian adingabeak prostituitzeagatik epaitu dituzte oraintsu hamar pertsona, tartean, bi udaltzain eta militar ohi bat.

Otsailaren hasieran, guardia zibil bati ezarritako zigorra berretsi zuten, emazte ohia arma batekin mehatxatzeagatik eta erasotzeagatik. Urtarrilaren amaieran, Guardia Zibileko teniente bat atxilotu zuten Valentzian, sexu-erasoa eta tratu txarrak leporatuta. Garai bertsuan, fiskaltzak 51 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen guardia zibil batentzat, Cañada Realen atzemandako ustelkeria kasu zabal batengatik; eta, tartean, emakume bati egindako ukituak aztertzen ari dira. Egun batzuk lehenago, beste guardia zibil baten aurkako zigorra eman zuten jakitera: sarekada batean harrapatu zuten prostituzio-etxe batean, eta operazio polizial baten erdian zegoelako itxurak egin zituen. Egun antzerakoetan, Ceutan emaztea tiroz erailtzeagatik zigortutako poliziari epaiketa errepikatzea agindu zuen Andaluziako, Ceutako eta Melillako Justizia Auzitegi Nagusiak. Eta, urtarrilaren erdialdean, Espainiako Poliziako agente bat atxilotu zuten, praktiketan ari zen lankide bati sexu-erasoa egiteagatik.

Aldi berean, urtearen hasieran jakin zen Estrasburgoko Auzitegiak ebatzi duela Espainiako Poliziak frogak manipulatu zituela Iruñean, bi emakumek mendetasun kimikoaren bidez jasandako bortxaketa ezkutatzeko; erasotzaileetako bat polizia-agente baten senidea zen. Abenduaren hasieran, bestalde, jakitera eman zen Bilboko udaltzain bat bikotekide ohiaren atzetik zebilela, eta GPS bidez kontrolatzen zuela besteak beste. Horrekin batera, Espainiako Defentsa Ministerioaren "akats" baten ondorioz, indarkeria matxistagatik zigortutako guardia zibil bat berriro onartu zuten lanerako.