Barne-Arazoetako agenteek uztailaren 23an atxilotu zuten Nafarroan lan egiten zuen Espainiako Poliziako inspektore bat, bere agindupean egondako emakumezko polizia batek bere kontra jarritako salaketa baten ondorioz. Agente horrek salatu du, hain zuzen ere, inspektoreak ukituak egin zizkiola eta jazarri egin ziola, Iruñeko 1. Instrukzio Epaitegira bidalitako eta Diario de Noticias-ek jasotako atestatuan agertzen denez.
Polizia-inspektoreak hamabost urte egin ditu Nafarroako Foru Erkidegoan lanean, eta, duela gutxira arte, mugako postu bateko arduraduna izan da. Atzerritartasun-arloan aritu dira elkarrekin lanean bera eta salaketa jarri duen polizia.
Guardiako epaileak deklaratzera deitu ondoren, ez deklaratzea erabaki zuen ikertua izaten ari den agenteak. Organo judizialak, dena den, behin-behineko askatasuna eman zion, kautelazko neurri batzuk ezarrita; besteak beste, urruntze-agindua eta salatzailearekin komunikatzeko debekua. Hala ere, lanean jarraitzen du Espainiako Polizian, Nafarroatik kanpoko beste komisaria batean. Bere kontrako salaketaren aurretik egin zuen lekualdatzeko eskaera, eta hori ere ikertzen ari dira prozeduran.
Iruñeko Epaitegiak erabaki du Agoitzekoaren alde inhibitzea, teorian, jurisdikzio horrena baita eskumena, gertakarien kokalekuagatik. Aldi berean, bien lankideen testigantzak biltzen ari dira, ikerketaren barruan.
Polizia erasotzaileak: estatu-sekretua
Azken kasu honekin, Nafarroan, indarkeria matxistagatik ikertutako polizien zerrenda luzatu da, nahiz eta horien kopuruak sekretupean mantentzen diren, Espainiako Gobernuak hala erabakita. Une honetan, ez dago modurik jakiteko zenbat polizia ikertu edo zigortu dituzten indarkeria matxistagatik, baina komunikabide batzuek bildutako informazioek aldian-aldian ematen dute agenteek egindako erasoen berri.