AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/17 15:52

Kale gorrian geratzeko arriskuan daude Gasteizera (Araba) etorritako bost familia gazatar. Espainiako Gobernuaren ekimenez aberriratu zituzten iaz, baina ekintza hori dela-eta izugarrizko autopropaganda egin eta Espainiaratutako palestinarrekin "argazkia atera" ondoren, erabat abandonaturik utzi dituzte; bai Espainiako Gobernuak, bai tokiko agintaritzek. Esaterako, Gasteizera mugiarazitako bost familiak ostatu pribatuetan eta aterpetxeetan eduki dituzte, eta abuztutik hona, hamaika aldiz esan diete kanporatu eta etxebizitza-alternatibarik gabe utziko dituztela.

Bost familia horiek atzo egin zuten agerraldi bat Gasteizen, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren (EHKS) eskutik. Euren egoera salatzeaz gain, etxebizitza-alternatiba bat exijitu zieten gobernuei. Sona handia lortu du agerraldiak, eta, gauzak horrela, hainbat hedabidetan hitza hartu du Espainiako Gobernuko Ordezkariordetzak. Besteak beste, adierazi du "sinesgaitza" dela gazatarrek egindako salaketa, eta ez direla "inoiz" egon "etxegabetze arriskuan".

Espainiako Gobernuaren mugimenduak, agerraldia egingo zela jakitean

"Baieztapen horiek faltsuak dira eta gezurretan ari dira", argitu dute, ordea, familia gazatarrek. Izan ere, "Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera antolatzen hasi eta egoera salatzeko prentsa-deialdia egin ondoren" hasi zen gobernuaren ordezkariordetza "interesa agertzen", bai eta familientzako "ustezko alternatibak eskaintzen" ere.

Atzoko agerraldirako prentsa-deialdia zabaltzen hasi bezain pronto, familiekin harremanetan jarri ziren ordezkariodetzako goi-instantziak. Ordura arte, gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n uzteko agindua zeukaten gazatarrek; baina atzoko agerraldia egingo zela jakitean, helarazi zieten luzapen bat ezarriko zietela. Oraingoz, abenduaren 31rako jarri diete aterpetxetik alde egiteko epemuga.

Hortaz, ordezkariordetzaren gezurrak salatu dituzte Gazako familiek, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin eta EHKSrekin batera berriz ere. Familien eskaerei buruz hitz egiteko eser daitezela eskatu diote ordezkariordetzari, "erregulazio-izapideak azkertzeko eta bizileku-alternatiba iraunkor bat lortzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK