AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/12/10 11:30

Enpresa bakoitzeko behin-behineko lanpostuei muga bat jartzeko proposamena baztertu du Espainiako Gobernuak. Lan-erreformaren atarian, patronalarekin izaten ari den negoziazioan hartu du erabaki hori PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak. Abenduaren 7ko bilkuran, zehazki, aurretiaz egindako proposamena bertan behera utzi zuen Espainiako Gobernuak.

Aldi baterako kontratazioei dagokienez, "lanpostuen %15eko muga" ezartzeko asmoa omen zuen Pedro Sanchezen gobernuak; hasiera batean. Patronalak zein sindikatuek ez zuten proposamena onartu, "zurrunegia" iruditzen zitzaielako. Espainiako Gobernuak bigarren aukera bat luzatu zuen horren ordez: muga orokorra kentzea, eta gehienez hiru hilabeteko iraupena izango zuten eta "enpresaren mugak kontuan hartuz" egingo ziren aldizkako kanpainetarako kontratuak baimentzea. 500 langiletik gora dituzten enpresen kasuan, adibidez, behin-behineko 30 soldatapeko edo plantillaren %4 finkatzen zen urteko. Enpresariek horri ere uko egin diote, baina, eta Sanchezen gobernuak inolako muga kuantitatiborik ez ezartzea onartu du azkenean.

Espainiako Gobernuaren hitzetan, "aldi baterako kontratuak egiteko arrazoiak gutxitu" nahiz "horien etengabeko luzapena galarazi" nahi omen du orain, aurretik azaldutako helburuaren ordez. Zehaztu duenez, "enpresek aldian aldiko kanpainetarako kontratatu ahal izatea" onartuko du; hori bai, "gehienez 90 eguneko kontratazioak izatera" behartuko omen ditu enpresariak.

Gobernuak azken proposamen horiek eta beste hainbat neurri luzatuko dizkio patronalari gaurko bileran. Enpresarien erantzuna ikusteke dago, eta 2021. urtea amaitu aurretik ezarri beharko dute lan-erreforma berria.

EZ DAGO IRUZKINIK