AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/19 12:36

Aurrera jarraitzen du sionistak Palestinan egiten ari diren sarraskiak: 4.000 eraildako inguru Gazan, 12.000 zauritu baino gehiago, milaka desagertu, erabateko blokeoa hornidurei dagokienez... Eta hori guztia Mendebaldeko estatuen eta erakundeen konplizitatearekin ari da gertatzen, Mugimendu Sozialistak azken asteetan egindako mobilizazioetan azpimarratu duen modura.

Horixe da Frantziako Gobernuaren kasua, Palestinarekin elkartasunez izan diren hainbat eta hainbat mobilizazio debekatu eta erreprimitu dituena esaterako, edota Espainiako Gobernu "ezkertiarraren" kasua. Horren harira, Hego Euskal Herriko zenbait udalerritan seinalatu dute Espainiako Gobernua Palestinako sarraskiaren konplize gisara. Besteak beste, Israelgo Estatua hiltzailea, Espainiako Gobernu ezkertiarra sarraskiaren konplize, edota Palestina libre mezuak irakur daitezke horma ugaritan.

Gaur, mobilizazioak Bilbon eta Baionan

Espainiako Gobernua markatzeko eta bere erantzukizunari azpimarra egiteko, mobilizatzera deitu du Gazte Koordinadora Sozialistak, Bilbon (Bizkaia): gobernuaren ordezkaritzaorde aurrean elkartuko dira, 18:00etan. "Espainiako Gobernua ere NATOren politika ekonomiko eta militar inperialistarekin lerratu da, eta Israeli bere babes osoa adierazi dio", azaldu dute besteak beste GKSko kideek: "Bakearen, negoziazioaren eta nazioarteko zuzenbidearen inguruan hitz egiten duten bitartean, Israelen eta NATOren politika terroristari babes osoa eman diote".

Baionan (Lapurdi) ere egin du mobilizazio deialdi bat gaurko Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Mendebaldeko estatuen konplizitatea salatzeko. 19:00etan Baionako Herriko Etxe aurrera bertaratzera deitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK