AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileek Bilboko ogasunaren egoitzan egindako elkarretaratzea. (Argazkia: ELA Sindikatua)
2021/11/19 15:13

ELA sindikatuak adierazitakoaren arabera, Espainiako Estatuak Bilbon (Bizkaia) eta Donostian (Gipuzkoa) dituen Ogasuneko eta Irungo (Gipuzkoa) aduanetako egoitzetatik hogei garbitzaile kaleratu dituzte, aurrez jakinarazi gabe. Horrez gain, iraileko, urriko eta azaroko nominak ez dituzte kobratu langile horiek. Elkarretaratzea egin zuten atzo goizean Bilboko eta Donostiako Ogasuneko egoitzen aurrean, eta datorren asteartean ere protestak egingo dituzte, 10:30ean.

Azaroaren 12an SMS bidez jakin zuten langileek haien enpresek, Yaundek eta Jokuhobek (talde bereko enpresak), Gizarte Segurantzan baja eman zietela bi egun lehenago. Langileek haien lanpostuetara joaten jarraitzen dute, baina lan egitea debekatu diete. Izan ere, nahiz eta SMS mezua jaso, enpresak ez die langileei zuzenean jakinarazi kaleratuak izan direla.

Hori dela eta, hiru egoitza horiek astebete baino gehiago daramate garbitu gabe. Aduanek eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ez dute azalpenik eman, ELAren esanetan.

Ez da lehen aldia

Sindikatuak adierazi duenez, duela bederatzi urte antzeko zerbait gertatu zen. Hori zela eta, klausula berri bat gehitu zuten langile horien kontratuetan. Klausula horren arabera, azpikontratatutako enpresek langileei nomina ordaintzen ez badiete, Ogasunak enpresaren irabaziak atxikitzeko eskumena du. Hala ere, oraingoan Ogasunak ez du hori bete, irailetik kobratu gabe baitaude langileak.

EZ DAGO IRUZKINIK