Espainiako Estatuko enpleguaren zifrek "hobera" egin omen dute, edo komunikabide nagusiek hala diote behintzat. Afiliazioak pandemiaren aurreko mailak gainditu dituela eta langabezia tasa azken hamalau urteetako baxuena dela esaten dute etengabe; eta hainbestetan errepikatzen dute, egia dirudiela.
Ordea, gehiago da datu horiek ezkutatzen dutena, agerian uzten dutena baino. Lan egindako ordu kopuruari erreparatzea besterik ez dago baikortasun horren usteak erdia ustela duela konturatzeko, ia ez baita hazi. Beraz, sortzen diren lanpostu gehienak lanaldi laburrekoak direla ondoriozta daiteke. Eta hori ez ezik, Espainiako Estatuak langabezian liderra izaten jarraitzen du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) herrialdeen artean.
Lanpostu berri horietako baldintzak kaxkarrak direla ohartzeko neurgailu onena langile klaseko sektore gazteenei erreparatzean datza: 16 eta 29 urte bitartekoen artean, %45,5en soldata garbia da hilean 1.000 euro baino baxuagoa, 2019ko %32en aldean. 900 euroen belaunaldia ezizena erabiltzen hasi dira zenbait ekonomialari eta kazetari, belaunaldi-arrakala ekonomikoa izendatzeko.
Aipatutako datuak eskuan hartuta, zaila da inor kontsolatzea; koalizio-gobernua babesten dutenetatik aparte. CaixaBankek eskaintzen dituen azken mikrodatuen arabera, milioika bezeroren nominen informaziotik abiatuta, dirusarrera txiki horiek dituzten gazteen proportzioa %13 hazi da 2019ko abendutik aurtengo irailera arte. Eta ez hori bakarrik: mileurista izatera ere iristen ez diren gazteen proportzioa azken lau urteotako handiena da, Caixabankek ziurtatzen duenez. Emaitza hori bereziki larria da, 2022an izugarria izan baita bizi-kostuaren igoera: prezioak 2021ean baino %8,6 altuagoak izaten ari dira aurten, eta iaz, berriz, 2020an baino %3 altuagoak izan ziren.
Dirusarrera txikiak dituztenen gehikuntza hori hilero 1.000 eta 2.000 euro garbi artean jasotzen dituztenen murrizketarekin batera gertatu da. Hau da, batez besteko soldatatzat hartzen direnak, sozialki "dirusarrera ertaintzat" hartzen direnak, guztizkoaren %12,7 izatetik % ,8 izatera igaro dira. 30 urte baino gutxiagorekin hilean 2.000 euro baino gehiago irabazten dituzten pribilegiatuak ere zertxobait jaitsi dira, baina oso gutxi: %23,9 ziren 2019an, eta orain % 23,6 dira.
Gazte langileen pobretzea
Espainiako Gazteariaren Kontseiluaren datuen arabera, gazteen batez besteko soldata %5 baino gehiago jaitsi da azken hamarkadan. 2011n hamabi ordainsaritan hilean 1.025 euro izatetik, 973 eurora igaro da 2021ean. Hau da, hilean 52 euro gutxiago eta urtean 626 euro gutxiago, urteko soldata 12.308 eurotik 11.682 euro eskasera murriztuz.
30 urtetik beherako gazte langileek jasan dute soldata-murrizketarik handiena, elkarte horren zifrek erakusten dutenez. Azken hamar urteetan, langile gazteak ez dira mileurista izatera ere iristen, euren hileko batez besteko ordainsaria 135 euro txikiagoa baita gutxieneko soldataren aldean. Gainera, Kontseiluak ohartarazi izan duenez, gazteak dira pobreziaren atalasearen azpian dauden pertsonen artean adin-talderik handiena; gazteen % 32, 3 milioi pertsona inguru, egoera horretan bizi baita.
Gazte lan-indarraren prezioa bere erreprodukziorako kostutik behera ordaintzeak bizitza sozialeko gainontzeko esparruetan zuzenean eragiten du; etxebizitzaren eskuragarritasunean, adibidez. Gaur-gaurkoz, behargin gazte batek soldataren %92tik gora xahutu behar du Espainiako Estatuan alokairu bat ordaintzeko, hileko batez besteko errenta 904 eurokoa izanda. Ondorioz, emantzipazio tasa ia 9 puntu jaitsi da 2008tik hona, %17,3ra, azken bi hamarkadetako mailarik baxuenera.
Gazte askok zailtasunak dituzte euren lan-indarra erreproduzitzeko beste sarrera aurkitzeko, eta horrela, emantzipatzeko adina ere pixkanaka atzeratzen ari da Espainiako Estatuan. 2020an, 25 eta 29 urte arteko gazteen %55 gurasoekin bizi ziren % 62,9 gizonen kasuan eta %46,9 emakumeen kasuan), eta ehuneko hori 6,5 puntu igo da azken zazpi urteetan. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako Familien Inkesta Jarraituaren azken txosteneko datuak dira.
Gobernuak azken urteetan lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) igotzea onartu duen arren, nabarmena da ez diola askorik eragin gaztedi langileari. LGSaren hileko ordainsari garbia txikiagoa da, eta, batez ere, gazte guztiek ez dute lanaldi osorik, horietako askok gutxieneko soldata osoaren baliokidea baino gutxiago kobratzea eraginez. Lanaldi partzialean lan egiten duten gazteen ehunekoa %46,3koa da 16 eta 19 urte artekoen kasuan, %29,9koa 20 eta 24 urte artekoen kasuan eta %15,1ekoa 25 eta 29 urte artekoen kasuan, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Gainera, ez dira gutxi ikasketak eta lana uztartzen dituztenak: 19 urtetik beherakoen %55ek, 20-24 urtekoen %36k eta 25 eta 29 urte artekoen %22k.
Emakume langile gazteak
Enpleguari buruzko datu guztiekin gertatu ohi den moduan, generoaren araberako alde handiak daude hemen ere. Gizonezko gazteen artean %16,1 dira dirusarrera gabeak, eta emakume gazteen artean, aldiz, %24,4. Gainera, 2019 aurreko datuak gaur egungoekin alderatzen baditugu, ikusiko dugu dirusarrera handiak dituzten emakume gazteen proportzioa gehiago jaitsi dela gizon gazteena baino (zazpi hamarren gutxiago orain, lehengo hiru hamarren gutxiagoren aldean). Arrakala hori batez besteko dirusarreretan ere islatzen da: 1.000 eta 2.000 euro arteko nominak dituzten emakume gazteen kopurua 8 puntu jaitsi da, eta gizonena, berriz, 7 puntu. Zentzu berean, dirusarrera txikiak dituzten emakume langileen hazkundea gizonena baino handiagoa da.