AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gudarien Txokoa, Etxarri Aranatzen.
2020/02/11 12:29

Guardia Zibilaren Informazio Taldeak oroigarriaren berri izan ondoren iritsi zen Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpena, Guaixe-k jakinarazi duenez: Juan Ignazio Erdozia Larraza, Pello Mariñelarena Imaz eta Josu Zabala Salegi oroitzeko monolitoa kentzea agindu zuen, "terrorismoaren biktimak umiliatzen" zituela argudiatuta. 2017. urtean jarri zuen oroigarria Gudarien Txokoa taldeak, ETA erakundeko hiru militante etxarriar erailak omentzeko.

Etxarri Aranazko Udalak (Nafarroa) enpresa bat kontratatu eta oroitarria kendu zuen iragan urtarrilaren 27an. Sortu alderdiak adierazi duenez, ez ditu bere gain hartu nahi izan "Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpena ez betetzearen ondorioak". Oroigarria "inori jakinarazi gabe" jarri zela esan du ohar bidez.

AAEAM haserre

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gogor salatu du udalaren "obedientzia iraingarria". EH Bilduren udal taldeak monolitoa kendu zuen ordu berean, "faxistak" Etxarriko alkate ohi izan zen "Jesus Ulallar faxistaren oroimen ekitaldia" egiten ari zirela gogorarazi dute, herri berean. Etxarri Aranazko Udalak Gudarien Txokoa "suntsitu” izana salatu du AAEAMk, eta "ustezko iraultzaileen mozorroaren atzean", "sistemaren parte den alderdi instituzionala" dagoela nabarmendu dute.

Oroigarria kentzea "Euskal Herriko memoriaren eta gudarien aurkako eraso" modura kokatu du AAEAMk, Auzitegi Nazionalaren ebazpena obeditzea, hari "zilegitasuna" ematea dela salatzearekin batera. Hala, "larritzat" jo dute "tortura eta militanteen hilketak babestu dituen epaitegi faxisten ebazpenei men egitea", "mehatxuek ez dutela bidegabekeria justifikatzen" aldarrikatuz. Mugimenduak gogoan izan du "2016ko irailaren 3an, Etxarrin bertan, desobedientzia erakutsiz" egindako manifestazioa, "debekuen gainetik" aurrera eraman zena. Hor ere "preso politiko erien aldeko konpromisoa" erakutsi zutela azpimarratu dute.

Bestalde, Sortuk argitaratutako adierazpena ere "larria" dela diote AAEAMko kideek; hain zuzen, AAEAMri leporatu diolako "bere ekintzen jabe" ez izatea eta "arduragabekeriaz" aritzea.

Testuinguru horretan, eta mezu anonimo bitartez, GEDAR LANGILE KAZETAri jakinarazi diote hainbat margoketa agertu direla Bilboko (Bizkaia) hainbat herriko tabernatan, Etxarri Aranazko gertaerak salatuz. Pintaketa horietan, "Aixo, Pello eta Basajaun gogoan" dituztela aldarrikatu dute hainbat pertsonak.

Erasoa David eta Mario Alvarez anaien omenezko monolitoan

Bestalde, otsailaren 18an egin zioten eraso Barrikan (Bizkaia) David Alvarez eta Mario Alvarez militanteen omenez dagoen oroitarriari. Espainiako bandera margotu eta guztiz suntsitu zuten monolitoa.

EZ DAGO IRUZKINIK