AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Berangoko Inputatuak
2022/11/21 14:59

Ibai Aginaga preso politikoari Berangon (Bizkaia) egindako harrera dela-eta, gutxienez hemezortzi pertsona auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak; abuztuan deklaratu behar izan zuten hiru lagunek, eta beste hamabostek aurreko astean. Hala, auzipetuek prentsaurreko bat egin zuten joan den larunbatean, Berangon bertan.

"Estatu zapaltzailearen errepresioa" salatu zuten agerraldian, eta esan zuten Aginagari egindako harrera "aitzakia hutsa" besterik ez dela. "Sumario honen nondik norakoak norbanakoen aurkako eraso judizial bat baino askoz ere urrunago doaz. Ertzaintzaren, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenetan militantzia eta antolakunde politiko ezberdinen jazarpena antzematen da", gogorarazi zuten: "Jarraipena eta antolakunde politikoen gaineko kontrola agerian gelditzen dira aipatutako txostenetan, baita horiek legez kanpo uzteko makrosumario baten sorreraren aztarnak ere".

"Jakina da, bai Espainiak bai Frantziak ere, Euskal Herriaren azken aztarna iraultzaileak desagerraraztea dutela helburu, eta horrekin batera, azkenaldian hainbeste entzuten den memoria historikoa ere bai. Horretan datza, hain zuzen ere, kasu honetan militantzia politikoaren aurkako eraso hau", adierazi zuten auzipetuek. Bestalde, azpimarratu zuten Euskal Herrian "hamarkadak" daramatzala "errotuta amnistiaren aldarriak", eta "amnistia osoak", hain zuzen, "errepresaliatu ororen askatasunaz harago doan esangura" daukala eta "borrokaren zilegitasunarekin" dagoela lotuta.

"Izatez, estatu bien legedia onartzeak hurrengo belaunaldiei borroka, konpromisoa eta antolakuntza oztopatzea dakarkie. Espainiar eta frantziar legedia onartzeak 'terrorista' bihurtzen gaitu, berehalakotasunez", salatu zuten auzipetuek, bestalde. Hala, gaur egun "Euskal Herriak bizi duen despolitizazio-prozesua" seinalatu eta "politikoki erantzuteko" beharra nabarmendu zuten.

Askatasun politikoen defentsa

"Oinarrizko eskubideak dira jokoan daudenak, hala hola, biltzeko, antolatzeko, adierazpenerako eta mobilizatzeko eskubideak; hots, militantzia politikoa gauzatzekoak", gaineratu zuten Berangoko auzipetuek. "Errepresioak, norbanako helburua izateaz gain, helburu kolektiboa ere badauka. Horregatik, eman beharreko erantzunak ere kolektiboa behar du izan", azaldu zuten. Amnistia aldarrikatu zuten "horrelakorik ez gertatzeko berme bakar" modura.

"Bai auzipetuok, bai hemen batu garenok, askatasun politikoen defentsa egin behar dugu", ondorioztatu zuten agerraldian. Hala, dei egin zieten "amnistiaren alde dauden pertsona, errepresaliatuen aldeko talde, mugimendu antierrepresibo zein eragile politiko guztiei", "Espainiako eta Frantziako estatuen errepresioari aurre egingo dion lanabesa martxan jartzeko".

EZ DAGO IRUZKINIK