Aurten ere antolatu du Eskola Ibiltaria Ikasle Abertzaleakek, eta horrekin emango dio hasiera ikasturte politiko berriari, "antolakuntzara dei eginez". Udazkenean izango da Eskola Ibiltariaren 2022ko edizioa, hain zuzen, irailaren 30etik urriaren 1era; Anoetan (Gipuzkoa) hasi eta Villabonan (Gipuzkoa) amaituko dute urteroko martxa ehunka ikaslek.
Bi eguneko egitaraua prestatu dute IAko kideek; hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta, noski, ibilaldi bat izango dira, besteak beste. Irailaren 30ean 18:00etan izango da harrera Villabonan, eta arratsalde horretarako tailerrak eta afaria antolatu dituzte. Gauean, berriz, umore ikuskizun bat eskainiko dute Julen Portillok, Telmo Iruretak eta Pello Madariagak. Hurrengo egunean, hitzaldiei ekingo diete gosariaren ostean, eta horren ondoren hartuko dute Anoetarako bidea Villabonatik. Han egingo dituzte bazkaria eta gainontzeko ekimen guztiak; Olinpiadetan jokatzeko aukera izango da arratsaldean, ekitaldi politiko bat egingo dute 19:30ean, eta 20:00etan hasiko dira kontzertuak. Lil Mutiko, Lukiek, RPG7, AS04, Tasuri, HBikoitza eta R, Black Hobbit eta DJ Enjoy arituko dira Anoetan.
Aurtengo edizioan ere pisu handia izango dute hitzaldiek. Zehazki bi saio egingo dituzte larunbatean: Hezkuntza instituzioak interbentzio kulturalerako tresna gisa eta Mundu ikuskera kapitalistaren gaindipenaz hausnartzen. Lehenengoari dagokionez, IAk azaldu du "sistema kapitalistak belaunaldi gazteen ohituretan eta pentsamenduan eragiteko mekanismo nagusietako bat" dela hezkuntza, eta "esku-hartze horrek hartzen duen formaz eta aurre egiteko moduez" hitz egingo dutela hitzaldian. Bigarren saioari dagokionez, "kapitalismoaren hegemonia ideologiko eta kulturalaz hausnartzea" da asmoa, eta modu horretan, "gizarte antolamendu berri bat irudikatzeko eta eraikitzeko beharra" azpimarratzea.
Aurkezpen jaialdiak datozen asteetan
Eskola Ibiltaria aurkezteko hainbat jaialdi egingo ditu IAk datozen asteetan; hain zuzen, hilaren 9an Iruñean (Nafarroa), hilaren 15ean Bilbon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba), eta hilaren 16an Arrasaten (Gipuzkoa). Dena den, tokian toki, ekimena aurkezteko beste zenbait saio ere izango dira; aurki argitaratuko dituzte hitzordu horiek.