AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/31 22:11

Ehunka pertsona elkartu dira gaur Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa), Escalerillaseko bizilagunen egoera salatzeko eta guztientzako bizitoki-alternatiba bat eskatzeko. Gudarien Plazan hasi da manifestazioa eguerdian, eta Escalerillasen parean amaitu da; Pasaiako Portuak eta Euskal Trenbide Sareak bota nahi duten etxebizitza-blokean.

"Gauden toki honetan trenbide bat eraiki nahi dute", azaldu du manifestazioaren amaieran Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako militante batek: "Horren bidez, Pasaiako Portura iristen diren bobina batzuk garraiatu nahi dituzte Durangoraino (Bizkaia), Euskotreneko trenbidearen bitartez".

Ohartarazi du trenbide horren "helburu bakarra" dela "Algeposa enpresari bide pribatu bat eraikitzea", eta 7 milioi euroko inbertsioa egingo duela horretarako Eusko Jaurlaritzak. "Irabaziko" dutenak, beraz, bai Pasaiako Portua, bai Jaurlaritza, bai Algeposa izango direla seinalatu du.

"Proiektu honen albo-kalteak? Hemen ikusten dituzuen etxeak bota behar direla trenbide hori egiteko", kontrajarri du sindikatuko kideak. Gogorarazi du politikari profesionalek diotela "interes orokorrerako" izango dela proiektua, eta ogi-apurrak eskaini dizkietela etxegabetu nahi dituzten hamabi familiei: "miseriazko kalte-ordainak" bost familiari, eta ezertxo ere ez gainerako zazpiei.

60 urte Escalerillasen

Mobilizazioaren bukaeran, hitza hartu du Escalerillaseko bizilagun batek ere. "Gure familiek hemen garatu dituzte beren bizi-proiektuak. Duela 60 urte sartu ginen etxe horietan bizitzera, gure senarrak edota gurasoak, portuko langileak zirenak, portutik ahalik eta gertuen egon zitezen", jarri du testuinguruan. Ordutik bizi dira bertan, eta Pasaiako Portuak eskatzen zien alokairua ordaindu dute urtez urte. Portuko agintaritzak hitzeman izan die, gainera, etorkizunean etxeak erosteko aukera izango zutela.

2017an, dena den, inolako azalpenik eman gabe, ordaindu beharreko errenta eten zien zenbait bizilaguni Pasaiako Portuak. 2021ean Algeposa enpresarekin sinatu zuen etxebizitza-blokea eraisteko eta trenbidea eraikitzeko proiektua, eta 2023aren amaieran jakin zuten bizilagunek etxegabetu egingo zituztela.

Erakunde publikoek alternatibarik ez

"Portuak alde egin behar dutela esaten die hamabi familiei. Alde egin nora?", galdegin du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako militanteak: "Gure herriko eta inguruetako etxebizitzaren egoera geroz eta okerragoa da, prezioak gora doaz etengabe; langile-klaseko kideok kanporatuak izaten ari gara leku guztietatik, bizitzaren garestitzea dela medio. Etengabe ikusten ditugu etxegabetzeen notiziak komunikabideetan, ezin dugulako etxe bat ordaindu".

Egoera horren guztiaren aurka, baina, erakunde publikoek ez dutela "soluziorik ematen" esan du sindikatuak: "Ahoa betetzen zaie promesa faltsuekin, auzokideekin daudela behin eta berriz esanez, baina zerbait egiteko eskatzen zaienean, erantzuna ez da inoiz iristen".

Gaurkoan ere argi salatu dute: erakunde horiek guztiak jo dituzte Escalerillaseko bizilagunen egoeraren erantzuletzat; Portuko Agintaritza, Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Pasaiako Udala. Modu batera edo bestera egoera hau sortu dutela salatu du sindikatuak; izan "beraien iniziatibaren bitartez", edo izan "ezer ere ez egiteagatik".

Baliabideak, gutxi batzuek irabaziak metatzeko

Escalerillaseko bizilagunak jakinarazi duenez, bizitzen ari diren egoera dela-eta, hainbat auzi geratu dira agerian. Batetik, uste du modu argian nabarmendu dela "mundu honek nola funtzionatzen duen": "Ez gara bizi bere baliabideak jendearen beharrak asetzeko kudeatzen dituen mundu batean. Baliabide guztiek, hala nola etxeek, finantzaketa publikoak eta langileek, etekinak metatzeko balio duten mundu batean bizi gara".

Kritikatu du, hala, ez dela egia trenbidea derrigorrez eraiki behar dutenik eta bizilagun guztiei alternatiba bat bermatu ezin dietenik, Pasaiako Portuak eta erakunde publikoek errepikatzen duten bezala. "Alternatibarik ez dagoela esaten dutenean, etekinak murriztuko lituzketen aukerak aztertu nahi ez dituztela esaten dute. Ez dute trenaren ibilbidea aldatu nahi, garestiagoa izango litzatekeelako; ez digute kalte-ordain duinik eman nahi, kosturik gabe kaleratu nahi gaituztelako; ez digute beste etxerik eskaini nahi inguruan, etxe horiek merkatu errentagarriago batera eraman nahi dituztelako", iritzi dio: "Kontua ez da alternatibarik ez dagoela, baizik eta ez dutela eman nahi".

Borroka egiteko beharra

Agerian gelditu den beste kontu bat ondokoa dela dio bizilagun horrek: "Borroka beharrezkoa dela". "Antolaketak eta borrokak aukera berriak zabaltzen dituzte. Lehen saihestezina zirudiena, aldaezina, orain borroka politiko baten parte bezala ulertzen dugu", zehaztu du. Uste du borroka horretan parez pare daudela, alde batetik, "enpresak eta erakundeak", "euren irabazien zerbitzura"; eta, bestetik, langileak. "Borroka justua da hau, eta ziur izan ez garela geldituko gure helburuak lortu arte: kalitatezko alternatiba bat Escalerillaseko bizilagun guztientzat; denak, salbuespenik gabe", aldarrikatu du.

"Sistemaren funtzionamendu horren adierazpen bakar bat da Escalerillaseko auzokideena", gaineratu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak: "Munduko txoko guztietan langileriak antzeko arazoak pairatu behar ditu etengabe. Gure etxeetatik kaleratuak gara, errenten prezioak igotzen dizkigute, hirietatik eta auzoetatik desplazatzen gaituzte, eta abar". Euskal Herri osoan barrena lanean ari diren Etxebizitza Sindikatu Sozialistek "argi" dute, gaur azpimarratu dutenez, "arazo horien guztien erroa etxebizitzaren merkantzia izaera dela, eta kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa izango den etxebizitza sistema bat martxan jarri arte, ez dela guztiz eta betiko konponduko".

"Borrokan jarraituko dugu. Hau hasi besterik ez da egin: auzokide guztientzako, bereizketarik gabe, kalitatezko alternatiba bat lortu arte ez dugu etsiko", esan dute ozen gaur Escalerillas parean.

EZ DAGO IRUZKINIK