AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/20 07:51

Pasaian (Gipuzkoa), aurrera doa Escalerillaseko bizilagunen etxegabetze-prozesua, nahiz eta ez dagoen oraingoz bizitoki-alternatiba errealik haientzat guztientzat. Atzo egin zuen agerraldi bat Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta jakinarazi zuen euren etxetik kanporatzeko demanda judizialak iritsi zaizkiela jada bizilagunei. "Portuko agintariek, enpresariek zein politikariek ofentsiba gogortu eta obrei lehenbailehen ekin nahi diete, berriro ere etxebizitza eskubidearen gainetik haien negozioa kokatuz eta hamarkada luzez Portuarentzat lanean aritu diren hamabi langile-familiaren etxegabetzea asumituz", salatu zuten prentsaurrekoan.

Iazko urtarriletik daude euren etxea galtzeko arriskuan, baina, orain, beste pauso bat eman du Portuko Agintaritzak. "Titulartasunik ez dugun bizilagunon aurkako demanda judiziala aurkeztu du, duela 60 bat urtetik gure bizilekuak izan direnak eraitsi eta bertatik Portuko enpresarien mesederako trenbide berri bat eraikitzeko", azaldu zuen Escalerillaseko bizilagun batek. Eta azaldu zuten, bestalde, bestelako "presio-mekanismo" batzuk ere erabili dituztela euren kontra. Escalerillaseko etxeren baten titulartasuna duten bizilagunek Pasaiako Portuaren gutun bat jaso dute berriki, proposamen batekin: "Portuaren jabetzakoak diren beste etxebizitza batera lekualdatzea", Escalerillasetik alde egitearen truke. "Miseriazko-alternatiba hori onartu ezean, etxebizitzaren titulartasuna kentzearekin mehatxatzen zituen Portuko Agintaritzak", gaineratu zuten.

Alternatiba erreal bat bizilagun guztientzat

"Bizilagunen gutxiengoari eskainitakoa ez da alternatiba duina, ezta erreala ere", salatu zuten agerraldian. Izan ere, zehazki, San Juango Bonantza eraikinera tokialdatzea eskaini die Pasaiako Portuak, "bertan gaur-gaurkoz hainbat familia bizi direla jakitun bada ere, eta haiek kaleratzeko prozedurak hasiz"; alegia, "bizilagun batzuk kalera bidali, gutako batzuk bertan sartzeko". Eta, gainera, argi eta garbi aldarrikatu zuten aho batez: "Bizilagun guztiontzako alternatiba erreala eskatzen dugu. Beraz, ez dugu beste bizilagun batzuk euren etxeetatik botako dituen edo Escalerillaseko bizilagun guztientzako konponbiderik eskaintzen ez duen proposamenik onartuko".

Laburbilduz, ondoko bi lehentasunak markatu dituzte bizilagunek, Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik: "Demanda horiei judizialki aurre egitea erabaki dugu eta balizko etxegabetzeen aurrean borrokatzea; eta Portuak eskainitako Bonantzako alternatibaren aurrean, bertako bizilagunei babesa adierazi eta bertatik kaleratu ez ditzaten lan egiteko konpromisoa hartzen dugu".

Alderdi instituzional guztiak konplize

"Pasaiako Udaleko alderdi politiko guztiek gurekiko eduki duten jarrera salatu nahi genuke", zioten atzo bizilagunek: "Urtarrilean bertako osoko bilkuran izan ginen gure egoeraren gaineko ardura har dezaten eskatzen. Bertan, udaleko alderdi politiko guztiek etxegabetzeen aurka aurkeztutako mozioaren aurka bozkatu zuten". Jakinarazi zuten, hala, "ez Pasaiako Portuak eta ez instituzio publikoek" ez dutela haientzako "inolako konponbiderik eskaini": "Berriro ere negozioa
garaile eta etxebizitza-eskubidea galtzaile".

Escalerillasekoek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, baina, tinko eusteko eta borrokan jarraitzeko asmo osoa dute: "Instituzioen fartsaren aurrean eta etxebizitza merkantzia gisa ulertzen duten enpresarien eta politikarien aurrean, bizilagun guztientzat alternatiba baten alde borrokan jarraituko dugula argi dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK