AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/04 09:20

Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa), etxegabetuak izateko arriskuan jarraitzen dute Escalerillasen bizi diren familiek. Aste honetan egin dute agerraldi bat kaltetuek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, jakinarazteko etxebizitza-blokea eraitsi nahian jarraitzen duela Pasaiako Portuko agintaritzak, merkantziak garraiatzeko trenbide bat eraikitzeko, Algeposa eta beste enpresa batzuen mesederako.

Duela ia urtebete eman zuten Escalerillaseko bizilagunen egoeraren berri. Azaldu zuten arriskuan zeudela blokean bizi ziren hamabi familia, euren etxeetatik alde egiteko esan zielako Pasaiako Portuak, trenbidea egin ahal izateko. Haiek, baina, borrokari ekin zioten Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eskutik. Horren erakusle izan zen, esaterako, maiatzaren 31n Trintxerpen egindako mobilizazio jendetsua: ehunka lagun atera ziren kalera, Escalerillaseko bizilagunentzat bizitoki-alternatiba bat exijitzeko.

Alternatibarik ez

Izan ere, ez politikariek, ez portuko agintariek, ez enpresariek, ez zieten inolako bizitoki-alternatibarik eskaini etxegabetu nahi dituzten familiei. Aste honetan gogorarazi dutenez, "batzuei ezer ere ez" zieten eskaini, "eta beste batzuei, etxebizitzaren egungo egoera aintzat hartuta, ia ezer ere ez". Horregatik, Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideekin batera, euren etxea denari eutsi diote bizilagunek, eta gogor egin dute lan: protestak, sinadura-bilketak, eta abar.

Negozioa, etxebizitza eskubidearen gainetik

Joan den uztailean jakin zuten bizilagunek bertan behera geratu zela Pasaiako Portuaren eta Euskal Trenbide Sarearen proiektuaren sinatzea, eta nolabait geldirik zegoela plana. Hala ere, euren kabuz izan zuten horren berri: ez Pasaiako Udalak, ez Eusko Jaurlaritzak, ez portuko agintaritzak, ez zieten ezertxo ere helarazi Escalerillaseko kaltetuei.

Baina, "lasaitasun egoera batera heltzetik urrun", bizilagunek orain jakin dute "lehenbailehen" jarriko dutela martxan proiektua "politikari, portuko agintari nahiz enpresariek". "Euskal Trenbide Sareak esan duenaren arabera, bizilagunak noiz etxegabetuko zain dago proiektuari argi berdea emateko, honela eskuak garbitu eta pilota portuaren teilatura bidaliz", salatu dute familiek eta sindikatuak: "Gertakariek garbi uzten dute negozioa dagoela etxebizitza eskubidearen gainetik".

Kaleratze-aginduak martxan

Itxura denez, Escalerillaseko bizilagunentzako kaleratze-aginduak prestatzen ari da orain Pasaiako Portuko agintaritza, nahiz eta, beste behin ere, "inork ez dien ofizialki ezer jakinarazi". Borrokan jarraituko dutela esan dute familiek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, azken urtean zehar egin bezala.

Horri lotuta, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek abenduaren 14rako antolatu duten mobilizaziora batzera deitu dute. Bilbon (Bizkaia) izango da manifestazioa, etxebizitza eskubidearen alde eta etxebizitzaren negozioaren kontra.

EZ DAGO IRUZKINIK