Ertzaintzako agenteen baldintzak hobetzea adostu dute polizien gehiengo sindikalak eta Eusko Jaurlaritzak, 125 Mahaia deituriko foroan. 2022an hasi ziren 2011tik berritu gabeko itunaren negoziazioak, eta ertzain batzuek kontzentrazio gutxi batzuk egin dituzte azken urteetan, hobekuntzak eskatzeko. Kasu honetan, poliziei men egin die gobernuak: ituna berritzeko oinarria adostu dute jadanik, ertzainen baldintzak hobetzeko eta gatazka alboratzeko. Oinarri hori bozkatuko dute orain ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuetako afiliatuek, eta aurrera eginez gero, urtarrilaren 1etik ezarriko da, atzeraeraginezko izaerarekin.
2028ra arte egongo da indarrean akordioa, eta horixe izango da legegintzaldiaren amaiera ere. Epe horretan, Jaurlaritzak 45 milioi euro gehiago gastatuko ditu ertzainen baldintzak hobetzeko. Atzo Erandion (Bizkaia) egindako bileran itxi zituzten hitzartutako hobekuntzak, arlo ekonomikoari nahiz teknikoari lotuta daudenak: soldata-igoera orokorrak (%10 batez beste, urtean 4.200 euro gehiago gutxi gorabehera) eta hobekuntzak soldata-osagarrietan, jaiegunetako eta gaueko lanaldietako baldintzak gainerako funtzionarioenekin parekatzea, espezializazioa ikerketan eta inteligentzian, prestakuntza eta entrenamenduak hobetzea, eta abar. Markatutako bidearen barruan, 2027rako Ertzaintzan 8.000 agente izatea nahi dute, gaur egun baino ia 600 gehiago.
Segurtasun Sailak esan du Ertzaintzaren lana "hobetzea eta modernizatzea" dela asmoa. Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren esanetan, nahi dutena da "Euskadi gero eta herri seguruagoa izatea eta herritarrak gero eta seguruago senti daitezen". Euspel sindikatuak ez du akordioa onartu, eta astelehen arratsaldean egingo du protesta bat Bilbon (Bizkaia).