AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Berria
2024/03/20 08:24

Joan den otsailaren 2an hil zen Eneko Valdés Astigarragan (Gipuzkoa), Ertzaintzako BIZKOR indarren esku-hartze batean. Hilabete eta erdi igaro da ordutik, eta autopsiak hamaika lesio erakusten baditu ere, ez du modu zehatzean argitzen zein izan zen Enekoren heriotzaren arrazoia. Gertakarien eta autopsiaren emaitzen berri eman du Naiz egunkariak.

Otsaileko arratsalde hartan, agerraldi psikotiko bat jasan zuen Enekok, "delirioekin eta jarraitzen ari zitzaizkiolako paranoiarekin". Bere hurbileko batek azaldu zuenez, izuturik eta kontroletik kanpo zegoen; etxeko balkoira ere atera zen, etsita, jendeari laguntza eskatzeko. Bere etxeko balkoitik, beheko pisuko balkoira jauzi egin eta ihes egiten ere saiatu zen. Krisi-agerraldi horrek sortutako paranoia zela-eta hain beldurturik zegoela ikustean, polizia-indarrei hots egitea nahi ote zuen galdetu zioten bizilagunek, eta baietz esan zuen berak.

Gertakariak ilun

Udaltzainak eta erizaina den bizilagun bat hurbildu ziren lehenengo Enekorengana, eta atariko eskaileran izan ziren berekin. Egoera zertxobait lasaitzen ari zela zirudienean, hainbat ertzain bertaratu ziren eta haiek arduratuko zirela esan zuten. Handik gutxira iritsi ziren BIZKOR unitateko ertzainak, eta tokitik bota zituzten erizaina eta, handik gutxira, Enekoren bikotekidea (kanpoan zegoen agerraldi psikotikoa gertatzean, baina Ertzaintza esku hartzen ari zenean heldu zen etxera).

Ertzaintzak esku hartu eta 40 minutu ingurura, hilik zegoen Eneko. Lehenago, bere min-oihuak entzutean, gerturatzen saiatu zen bere bikotekidea; ertzainek, ordea, ez zioten utzi. Polizia eskailera-buruan zegoen Enekorekin, eta bikotekideari ez zioten utzi bera ikusten edo hurbiltzen; bere pisura igogailuan igotzera behartu zuten.

Handik minutu gutxira, kanpoaldean zegoen anbulantziara eraman zuten Eneko, hilik. Bizilagun erizainak osasun-langileak entzun zituen esanez, eurengana iritsi zenerako, pultsorik ere ez zuela.

Gezurrak eta autopsia zalantzagarria

Kontrolerako Batzordeari gezurra esan zion Ertzaintzak, antza: eskailera-buruan beharrean, Eneko anbulantzian hil zela esan dute poliziek. Esku-hartzean hankak eta oinak eutsi besterik ez zutela egin argudiatu dute. Hildako pertsonari egindako autopsiak, baina, askotariko lesioak azaltzen ditu.

Enekoren hurbilekoek gorpuari ateratako argazkietan, gorputz guztian kolpeak zituela ikus daiteke; batez ere, buruan eta beso batean. Otsailaren 5ean egindako autopsiak, bestalde, lesio gehiago erakusten ditu: hautsitako saihetsak, urradurak, kolpeen ondoriozko orbanak... Badirudi, gainera, borra-kolpe batzuek inguratzen ziotela kopeta.

Enekoren senideek aditu batzuei eskatu diete argazkiak aztertzeko, eta, haien esanetan, taser pistolenak diruditen markak ikus daitezke gorpuan. Aztarna nabarmen bat uzten omen dute arma horiek: bi puntu. BIZKOR indarrek erabili izan dituzte taser pistolak euren esku-hartzeetan; Naiz-ek oroitarazi duenez, 2018an jakin zen aurreneko aldiz erabili zutela arma hori pertsona bat azpiratzeko, Gasteizen (Araba).

Autopsian ez da zehazten zerk eragin zuen Enekoren heriotza. Patologia Zerbitzu Forentseak dio ezin zuela, "une horretan", heriotza argitu.

Isiltasuna

Ertzaintzak ez du Astigarragako gertakariei buruzko adierazpen ofizialik egin, beste hamaika-esku hartzeren berri ematen duen arren. Kontrolerako Batzordeak otsailaren 28an kasu honi buruz ebatzitakoa ere ez du jakinarazi Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, nahiz eta badirudien esku-hartzea babestu duela. Batzordearen esanetan, ez dago "nahikoa elementu" baieztatzeko Enekoren heriotza "polizia-zaintza bat martxan zegoela" izan zenik.

EZ DAGO IRUZKINIK