AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/30 10:06

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik, nabaria da polizia indarren presentzia eta kontrola kaleetan, eta gero eta gehiago dira polizien esku hartze arbitrario eta bortitzak salatu dituztenen kasuak. Esaterako, Bilboko (Bizkaia) San Frantzisko auzoan azaldu dute Ertzaintzak apetaren arabera gauzatzen dituela identifikazioak eta atxiloketak, baita tratu txarrak ere.

Aurretik ere halako egoerak jasaten zituzten auzokideek, migratzaileak asko, baina SOS Arrazakeriak elkarteak gaitzetsi duenez, alarma egoeran ugaritu egin dira kasuak, eta Bilboko gainontzeko auzoetan baino itogarriagoa da "militarizazioa eta Poliziaren presioa".

Bilbo Zaharrean eta Zabalan ere udaltzainen zein ertzainen "abusuak" eta "polizia gehiegikeriak" salatu dituzte, identifikazio arbitrarioak kasu. Berria-k jakinarazi duenez, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakundeak auzo horietan bizi dituzten "bazterkeria eta pobrezia" jarri ditu auzitan, zeinak sakondu egin diren alarma egoeran, poliziaren abusuak ere medio.

Atxiloketa bortitza San Frantziskon

Atzo, martxoak 29, polizien bortizkeria kasuetako bat jasotzen duen bideoa hedatu zen sare sozialetan, San Frantziskoko bizilagun batek grabatutakoa. Bertan ikus daiteke nola ertzainek auzoko gazte bati idenfitikatzeko esaten dioten, nola pareta baten kontra jartzen duten eta nola kolpatzen duten, borra batekin.

Emakume bat bertaratzen da une horretan, gaztearen ama. Poliziei azaltzen die buruko osasun arazoak dituela semeak eta eskatzen die bakean uzteko, baina orduan, ertzainetako batek emakumea ere jotzen du borrarekin, eta lurrera erortzen da.

Hainbat bizilagunek ozen egiten dute oihu haien balkoietatik, polizien jarrera "arrazista" salatuz zein zauritutako emakumearentzako anbulantzia bat eskatuz. Orduan, baina, Ertzaintzaren auto gehiago agertzen dira, eta atxilo eramaten dituzte gaztea eta emakumea.

Bideoa: Berria



EZ DAGO IRUZKINIK