AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EITB
2025/04/21 09:47

2023an, Poliziak nahita zabaldu zuen Bilboko (Bizkaia) Aste Nagusian atxilotutako 80 pertsonari buruzko barne-informazioa. Horixe da Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak ondorioztatu duena, eta abisua eman dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuari, Ertzaintzari leporatzen baitio atxilotuen izen-abizenak eta argazkiak filtratu izana. Jakina zen, 2023ko Aste Nagusiaren ostean, sare sozialetan argitaratu zirela hamaika polizia-fitxa, baina ikerketapean egon da filtrazio hori. Orain eman dute ezagutzera ez zela akats "tekniko" bat izan, nahita egindako zabalpen bat baizik.

Filtrazioari esker, hainbat atari faxistatan eman zuten argitara atxilotutako pertsonen informazioa, irudi eta guzti. Hain zuzen ere, pertsona migratuak seinalatzeko eta haien aurkako gorroto-diskurtsoak hedatzeko erabili zuten material hori. Besteak beste, Alvise Perezek eta Desokupak erabili zituzten polizia-fitxak, kriminalizazio-kanpaina baten barruan.

Urtebetez luzatu den ikerketa baten ondoren, Datuak Babesteko Agintaritzak esan du "konfidentzialtasun printzipioa" urratu zutela filtrazioaren bidez, eta "oso larritzat" jo du gertatutakoa. Ebatzi du, esan bezala, Ertzaintzak nahita ezagutarazi zituela atxilotuen datu pertsonalak: Bilboko komisariatik zabaldu zen materiala, ertzain baten ordenagailutik. Hain zuzen ere, polizia-indarren eremutik kanpoko hainbat helbidetara bidali zuten informazioa, Internet bidez.

Ertzaintzak une oro ukatu du informazioa zabaldu zuen agente zehatza identifikatzea. Oraingoz, gainera, Datuak Babesteko Agintaritzak Jaurlaritzari eskatu dion bakarra izan da baliabideak jar ditzala eta zehaztu gabeko barne-mailako neurriak har ditzala, halakorik errepikatu ez dadin.

EZ DAGO IRUZKINIK