AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Artxiboko irudia.
2024/03/25 22:45

Mugimendu Sozialistako bi kide jazarri ditu Ertzaintzak berriki. Hotel batetik ateratzera zihoazela, parkingean geratu zuten militanteetako bat kalez jantzitako bi poliziak, bere izenez deituta. Gazteak ostatuan erregistratu zirenean Poliziak jakinarazpen bat jaso zuela hartu zuten argudiotzat agenteek, eta eurekin joan beharko zuela esan zioten gelditutako militanteari. Hark horren arrazoia galdetzean, ez zioten inolako azalpenik eman poliziek.

Toki baztertu batera joatera behartu zuten gaztea, eta Ertzaintzaren patruila bat zegoen bertan. Gerora, Mugimendu Sozialistako kide horrekin zihoan beste militantea ere toki berera eraman zuten. Horretarako arrazoiari buruz hainbatetan galdetu arren, ez zuten hura argitu ertzainek: esan zieten bakarra izan zen abisua jaso zutela ostatuan izena ematean, ustez, ohiko bizi-ingurunetik urrundu zirelako, eta horregatik bertaratu zela Polizia. Ez gazte batek ez besteak ez daukate inolako auzi penalik zabalik.

Baztertutako leku horretan atxikirik izan zituzten bi kideak. Miatu egin zituzten; bai haiek, bai euren objektu pertsonalak. Sakelako telefonoak ere kendu zizkieten ertzainek, eta gailuak miatzen aritu ziren. Ustez, datu pertsonaletara sarbidea izateko mugimenduak egin zituzten gailuetan. Arakatzeen ondoren, alde egiten utzi zieten bi gazteei.

Jazarpen poliziala Mugimendu Sozialistaren kontra

Ez da Poliziak Mugimendu Sozialistaren kontra halako jazarpen-mekanismoak erabiltzen dituen lehen aldia. Sekretek hainbatetan jazarri dituzte mugimenduko kideak, besteak beste, kolaborazio eskaerak eginez. 2022 bukaeran, esaterako, kalez jantzitako poliziek modu jarraituan jazarri zituztela salatu zuten bi militantek: jarraipenak, deiak, mezuak, xantaiak edota kolaborazio eskaerak jasan zituzten.

2019an ere kalez jantzitako polizien jazarpen jarraitua salatu zuten hiru gazte militantek. Haien kasuan ere Poliziaren jarraipenak, deiak, askotariko xantaiak eta behartutako kolaborazio eskaerak pairatu zituzten.

EZ DAGO IRUZKINIK