AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ertzainek zauritutako pertsonetako bat. ARGAZKIA / Utzitakoa
2025/03/19 07:42

Martxoaren 13an, Ertzaintza hainbatetan oldartu zen Bilboko (Bizkaia) kaleetan, bai Athleticen partidaren aurretik (kalez jantzitako poliziak tartean), bai horren ostean. Egun horretan ertzainek larriki zauritutako bi pertsonaren lekukotza jaso du GEDAR LANGILE KAZETAk: aita-semeak dira, Luis Mari eta Hodei, eta San Mames ingurura hurbildu ziren ostegun arratsaldean, giroaz gozatzeko eta tabernaren batean partida ikusteko. Salatu dute hainbat komunikabideri helarazi diotela Bilbon jasan zutena, El Correo kasu, baina haiek uko egin diotela informazioa argitaratzeari.

Hainbat iturrik ezkutatu dutenaren kontrara, lekukoek ziurtatu dute Poliziak inolako arrazoirik gabe kargatu zuela norgehiagoka hasi aurretik, "muturreko biolentziarekin": "Begiratu gabe kargatzen zuten borrarekin". Esan dute "han ezer egin gabe zegoen jendearen aurka" kargatu zuela Ertzaintzak; "adinekoak, haurrak, adingabeak, denetarik". Baina Hodeik seinalatu duenez, "larriena gero etorri zen", partidaren ondoren.

Ertzainen jipoiak

"Nire aita, elbarria dena eta 65 urte dituena, borraz jipoitu zuten nire ondoan, ezkerreko besoa apurtuz", azaldu zuen Hodeik martxoaren 17an bertan: "Ospitalean egon da pronostiko larriarekin eta ebakuntza egin behar izan diote". Agenteei momentuan ohartarazi zien aitaren elbarritasunaz, baina erantzuna bortitza izan zen: kolpeka erantzun zioten.

Furgoneta baten atzeko aldera eraman zuten indarrez, eta gehiagotan jo zuten han: "Jipotu egin ninduten istiluen aurkako lau edo bost agentek". Hori gutxi balitz, mehatxu egin zioten poliziek, esanez "atentatua egitea" leporatuko ziotela, eta jipoia grabatu zuen kazetari batengana korrika hurbildu ziren, identifikatzeko asmoz. "Pentsatzen dut bideoak ezabatzeko agindu ziotela", dio Hodeik.

Jendeari tiroka ertzainen furgonetatik

Izugarria da horren osteko testigantza ere: "Ondoren, furgonetan atxiloturik paseatu ninduten, eskuburdindunekin lotuta eta ate osoa irekita, furgoneta martxan egon arren". Biktimak adierazi du, gainera, bere atzean zihoan ertzainetako bat jendeari gomazko pilotak botatzen aritu zela ibilgailutik. "Jendeari eman nahi zioten. Nik barrez entzuten nituen", dio. Eta polizien partetik entzun zituen komentarioetako batzuk aipatu ditu: "Ea, apuntatu, baino ondo; burura, izorra daitezela", "Gero eta gehiago erori, orduan eta hobeto", eta abar. Irratitik ere antzeko iruzkinak entzuten zirela oroitzen du.

Bi zaurituak ospitalera, eta salaketa jartzeko trabak

Deustuko komisariara atxilo eraman zuten Hodei, eta salatu du irainak eta jazarpena pairatu zituela han, "desordena publikoak eragitea" egotziko ziotela esanez mehatxatzeaz gain. Eta, bestalde, polizia-agenteak bere telefono mugikorrera sartzen saiatu zirela ere zehaztu du.

Aita-semeek ospitalera jo behar izan zuten ertzainek emandako jipoiengatik. Luis Mariri ebakuntza egin behar izan zioten larrialdiz, pronostiko larriarekin: besoko erradio distala hautsi zion Poliziak, eta plaka bat eta zazpi torloju jarri behar izan dizkiote. Gainera, biek dituzte izugarrizko kolpeak gorputz osoan zehar. Dena den, ofiziozko abokatuak berak gomendatu zion Hodeiri ez jartzeko salaketarik Ertzaintzan, eta beste polizia-indar baten aurrean egin behar izan du.

EZ DAGO IRUZKINIK