Poliziaren esku-hartze batean izandako beste heriotza baten berri eman dute Euskal Herrian. Irunen (Gipuzkoa) gertatu da oraingoan, Ertzaintzaren interbentzio batean. Itxura denez, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako bertsio ofizialaren arabera beti ere, trafiko-istripu baten ondorioz esku hartu zuten poliziek, eta atxikirik eduki nahi izan zuten pertsona batek galdu du bizia.
GI-636 errepidean izan zen atzo trafiko-istripua, arratsaldeko 20:00ak aldera, auto baten eta moto baten artean. Motoaren gidaria zauriturik eraman zuten ospitalera, baina autoko gidaria atxiki nahi izan zuen Ertzaintzak. Jaurlaritzak dioenez, une horretan izan zuen bihotzekoa gidariak. Larrialdietako langileek artatu ostean eraman zuten ospitalera, baina bertan hil zen beranduago.
Jaurlaritzak, bere bertsio ofizialean, ohiko hainbat portaera egotzi dizkio hildako pertsonari, eta horixe bera da komunikabideek orain arte zabaldu dutena: atxikiriko pertsonak ertzainei aurre egin eta eraso ziela, mehatxu egin ziela, ihes egiten saiatu zela, eta abar.
Agintaritzen ohiko gezurrak
Oraindik argitzeke dago Irunen gertatutakoa. Dena den, honakoa ez litzateke izango gobernu bat, kasu honetan Jaurlaritza, Poliziaren esku-hartze biolento bat zuritzen saiatzen den aurreneko aldia. Hamaika aldiz ikusi ditugu edonolako gobernuak polizia-indarren erasoak eta interbentzio bortitzak justifikatzen, bai eta esku-hartze horien ondorioak lausotzen eta biktimak errudun modura seinalatzen ere.
Jaurlaritzaren eta bere menpeko Ertzaintzaren kasuan, adibidez, badira duela gutxiko hainbat kasu. Joan den martxoan, Astigarragan (Gipuzkoa), Ertzaintzaren esku-hartze biolento batean hil zen agerraldi psikotiko bat jasan zuen lagun bat, eta beldurtzekoa izan zen Jaurlaritzak emandako bertsioa: esan zuen hildako pertsonak "bere buruari" eragin zizkiola lesioak.
Horren aurretik ere izan zen difamazio eta manipulazio kasu bat Jaurlaritzaren eta bere polizia-indarren partetik. Aurtengo Inauterietan, Tolosan (Gipuzkoa), kalean zegoen jendetzaren kontra kargatu eta gutxienez hiru gazte zauritu zituen Ertzaintzak. Horietako bat, 16 urteko villabonar bat, begian zauritu zuten poliziek.
Jaurlaritzak gaztea kriminalizatu nahi izan zuen horren ostean egindako adierazpen guztietan: ustezko "istilu" batzuetan parte hartu izana leporatu zion, eta esan zuen ertzainen foam jaurtigai batek "zeharka" besterik ez zuela kolpatu mutila, beste pertsona bati besoan jo eta "errebotatu" ondoren. Gertakarien bertsio hori erabat gezurtatzen dute foam jaurtigaien ezaugarri jakinek.