AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/26 08:29

Poliziak inpunitate osoz jazarri zituen atzo Bilboko (Bizkaia) Botikazar ikastetxeko eta Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campuseko ikasle antolatuak. Bi kasuetan, lan politikoan ari ziren gazteen kontra oldartu zen Ertzaintza: lau ikasle identifikatu zituen Bilbon eta bat Ibaetan.

Bilbon, zehazki, protesta-deialdi bat egin zuen atzorako Ikasle Abertzaleak antolakundeak: "inposizioen hezkuntzari" aurre egiteko Euskal Herri osoan izaten ari den kanpainaren barruan, ikasleek jasaten duten gehiegizko lan-kargaren eta estresaren kontra ari dira borrokan Bilboko kideak. Besteak beste, azterketa garaian eskatzen dizkieten lan gehigarriek eta entregek haiengan duten eragina azaldu dute. Hala, Botikazarreko nahiz Unamunoko ikasleek mobilizaziora jo zuten atzo eguerdian: Botikazarrera sartu ziren gero, euren aldarriak egitera.

Eserialdi bat egiten ari zirela, Ertzaintza bertaratu zen. Lau ikasle identifikatu zituzten poliziek, eta ikastetxean izandako protesten erantzule egin nahi izan zuten. Espediente bat irekiko diotela esanez egin diote mehatxu gazte horri.

Bestalde, azken urteetan beste hamaika aldiz gertatu den bezala, atzo Ertzaintza sartu zen berriz Ibaetako campusera. Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia (HEFA) fakultatean izan ziren ertzainak: lan politikoan ari zen ikasle bat bortizki bota zuten lurrera, eta identifikatu egin zuten.

"Jardun politikoa berriz ere jazarria izan da campusean", salatu zuen ikasle mugimenduak, Ibaeta Martxan! atariaren bidez. Azpimarratu zuen "indar polizialak campusetik kanpo egotearen aldarriak ezinbesteko garrantzia" duela, eta askatasun politikoen defentsa aldarrikatu zuen berriz.

EZ DAGO IRUZKINIK