AKTUALITATEA / Errepresioa
Ertzaintzak errepideetako kontrolak areagotuko ditu aste honetan
Telefono mugikorren erabilera kontrolatzea aitzakiatzat hartuta, kontrol gehiago izango dira EAEn igandera bitartean.
2026eko apirilaren 21 - 08:34
Ertzaintzak errepideetako kontrolak areagotuko ditu aste honetan
— ARGAZKIA EITB

Atzo hasita eta igandera bitartean, errepideetako kontrolak areagotuko dituzte Ertzaintzak eta lekuan lekuko udaltzaingoek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gidatzean "distrakzioak" ekiditea omen da kontrol gehigarrien helburua, Naiz-ek jaso duenez, eta sakelako telefonoen erabilera kontrolatu nahi omen dute besteak beste. Urte honetarako, EAEn, trafiko-kontrolei lotutako 33 kanpaina dituzte martxan polizia-indarrek.

Legez trafikokoak ziren 1.363 kontrol egin zituen Ertzaintzak 2025ean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera. Denera 5.734 ibilgailu miatu zituzten, eta 331 kasutan leporatu zieten arau-hausteren bat geratutako pertsonei.