Jakina zen Ertzaintzak martxan zeukala barne-mailako ikerketa bat, ustez, Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan gertaturikoa eta polizien esku-hartzea aztertzeko. Epaileari helarazi dio ikerketa Poliziak, eta badirudi ertzainak babesteko eta zigorgabe mantentzeko hainbat oinarri jasotzen dituela, beste behin. Argitara atera dituzte ikerketako zenbait ondorio nagusi: Ertzaintzak dio, hain zuzen ere, ertzainen foam jaurtigai batek jo zuela begian zauritutako 16 urteko gaztea, Xuhar, baina Poliziak ez zuela zuzenean bera tirokatu.
Polizia-ikerketak defendatzen du ertzainek ez zutela gazte villabonarraren kontra tiro egin. Sortu duten kontakizunaren arabera, foam jaurtigai horrek besoan jo zuen beste pertsona bat; gero, "errebotatu" eta begian jo zuen Xuhar, alboan baitzegoen. Besoan kolpatutako bigarren pertsona horren kontra tiro eman izana justifikatzeko, Ertzaintzak esan du gazteak botila bat jaurti nahi ziela agenteei.
Ertzaintzaren inpunitatea bermatzeko ikerketa-lanak gaineratzen du Poliziak protokolo guztiak bete zituela Tolosako Inauterietan. Esaterako, aipatzen du ertzainek 50 metroko distantzia mantendu zutela foam jaurtigaiak botatzean, eta kalean zeudenen gorputzetako "behe-ataletara" egin zutela tiro. Lekukoen eta kaltetuen testigantzek, baina, erabat gezurtatzen dute hori: gutxienez hiru pertsona zauritu zituzten aurpegian.
Zeresana eman dute, bestalde, Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Udalaren osoko bilkuran EAJko hautetsi batek egindako adierazpenek. Arantzazu Rojok, izan ere, bat egin zuen ertzainek sortutako kontaerarekin. Ertzaintzak Tolosako Inauterietan egindako interbentzioa babestu zuen, eta esan zuen Poliziak ez zuela zuzenean Xuhar tirokatu.