AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/14 07:57

Beste egun batez, Athleticeko zaleen kontra kargatu du Ertzaintzak Bilbon (Bizkaia). Erromaren aurkako partida amaitzean izan zen: lekukoen esanetan, ertzainek bat-batean jo zuten athleticzaleen kontra, San Mames ingurua indarrez husteko asmoz. Besteak beste, foam jaurtigaiak erabili zituzten jendea sakabanatzeko, eta batzuek zaborrontziak gurutzatu zituzten errepidean; babesteko erabili ohi den modu bat. Badirudi zauritu ugari izan zirela.

Ertzaintzaren erasoen ostean, inguruko kaleak hartu zituzten poliziek (hala nola Pozas), eta istiluak hedatu ziren. Polizien karga gehiago izan ziren, eta anbulantziak ibili ziren joan-etorrian, zauritutako zaleak artatzeko. EITBren arabera, gutxienez sei pertsona atxilotu zituzten ertzainek partidaren ondoren, "desordena publikoekin" lotuta.

Norgehiagoka izan aurretik ere egon ziren atxilotuak, beste sei. EITBk emandako datuen arabera, atxilotutako pertsona guztien artean gehienak dira Athleticeko zaleak; zortzi, hain zuzen ere.

Errepresio-entseguak

Athletic-Erroma partidari begira, polizia-dispositibo handia antolatu zuen Ertzaintzak, Bilboko Udalak berak aitortu duenez, hainbat protokolo eta neurri probatzeko. Izan ere, maiatzaren 21ean jokatuko dute Bilbon UEFA Europa Leagueko finala, eta badirudi neurri errepresibo bereziak entseatu nahi dituela Poliziak ordurako: mozketa-dispositiboak aurreratzea, hesiak jartzea eta abar. Atzoko operazioa Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoak eta Athletic Clubek koordinatu zuten lankidetzan.

EZ DAGO IRUZKINIK