AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/27 09:11

Joan den asteburuan ere, Athleticeko jarraitzaileen kontra jo du Ertzaintzak. Atzo izan zen Athletic-Leganes partida, eta horren aurretik jazarri ditu athleticzaleak Poliziak. Herri Norte Taldeak (HNT) arratsaldean jakinarazi zuen bere sare sozialetan: "Beste behin, antolatzeagatik jazarriak eta miatuak izan gara". Eguerdian hartutako irudietan ikus daiteke Ertzaintzak nola izan zituen atxikirik hainbat taldekide Olabeaga inguruan, hormaren kontra jarrita.

Komunikabide batzuetan esan dute, polizia-iturrietan oinarrituta ziur asko, bederatzi interbentzio egin dituztela ertzainek Athletic-Leganes partidari lotuta. "Zale erradikalen kontrolerako prebentziozko operazio bat" izan zela argudiatu dute, Olabeagako esku-hartzean 80 pertsona identifikatu zituztela zehaztuz.

HNTk abenduan salatu zuen Athleticeko zaleak jasaten ari diren errepresioa: "Miaketa arbitrarioak, Poliziaren presentzia harmaila barruan, zaleen arrazoi gabeko identifikazioak" eta abar. "Aurrekaririk gabeko jazarpen-kanpaina batez" ohartarazi zuen, gogorarazita 150.000 eurotik gorako isunak jarri dizkietela hainbat zaleri 2023tik hona.

Animazio-greba, errepresio polizialaren kontra

Une honetan animazio-greba bat dago martxan San Mamesen, hain justu, Poliziaren errepresioaren aurka. IƱigo Cabacas (IC) Herri Harmailak duela ia bi hilabete ekin zion grebari, Real Madrilen kontrako norgehiagokan: egun horretan, Ertzaintza harmailara sartu zen indarrez, borra luzagarriak eskuan, zaleen aurka oldartzeko. "Beste behin partidu amaierako festa zapuztu zuten betikoek. Animazioaren dinamizatzaileei mehatxuak eta identifikazioak. Adingabekoen identifikazio ilegalak. Ertzaintza luzagarriekin jipoitzen. Gurasoak ume txikiekin zelaitik atera ezinik", azaldu zuen orduan IC Herri Harmailak.

Herri Harmailak Athletic Kluba eta bere presidente Jon Uriarte seinalatu zituen erantzule modura, eta hurrengo partidan, Villarrealen aurkakoan, animazio-greba bat hasi zuen. Errepresio polizialak bere horretan jarraitzen duela salatu du berriki, klubak interbentzio "desegokiak" egin izana onartu duen arren, berekin biltzean. Hortaz, aurrera doa greba, eta horretan jarraituko du "Zuzendaritza Batzordeak irtenbide sinesgarriak eskaini arte".

Gaur-gaurkoz, harmailako hiru bozeramaileak eta bonboen bi arduradun daude jopuntuan. Lauk dituzte zigor-espedienteak zabalik, eta bosgarrenari betoa jarri dio klubak, "justifikaziorik gabe".

EZ DAGO IRUZKINIK