Ertzaintzak duela ia hamar urte erail zuen Iñigo Cabacas, Bilbon (Bizkaia): kalean zegoen jendearen aurka oldartu ziren polizia-agenteak, eta besteak beste, gomazko pilotak jaurtita egin zuten eraso. Pilotakada batek buruan jota galdu zuen bizia, hain zuzen, Cabacasek. Ia hamar urte igaro diren arren, oraindik ez dituzte argitara atera erailketaren inguruko argipenak.
Bizkaiko Lurralde Auzitegian sei ertzainen aurka abiatutako auzi judizialaz gain —operazioa gidatu zuen agentea baino ez zuen zigortu auzitegiak, ebazpenaren aurka aurkeztutako helegite guztiak baztertuta—, beste prozedura bat ere izan da martxan urte hauetan: Ertzaintzak ustezko barne ikerketa bat jarri zuen martxan, sei ertzainak ikertzeko. Hori izan zuen hizpide atzo, hain justu, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.
Haren hitzetan, auzitegietan zigortu zuten ertzainburuari —bi urteko kartzela-zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zizkioten— ezin zaio "ardura diziplinariorik" eskatu gaur egun, jada ez delako ertzaina. Ikerketapean zeuden beste lau ertzainekin ere berdina gertatzen dela dio; inhabilitatuta daudenez, dagoeneko ez direla Ertzaintzaren parte eta ezin zaiela ardurarik exijitu.
Une honetan, beraz, sei ertzainetatik bakarraren aurka dauka zabalik barne ikerketa bat Ertzaintzak, "bakarra delako Ertzaintzaren parte izaten segitzen duena", Erkorekaren arabera. Hala ere, esan du "bere gainetik zeuden agintarien aginduak bete" zituela hark, "ez besterik", eta hori dela-eta, ez dela erraza ebaztea agente horrek "arauak urratu" zituen edo ez.