AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Desmarque
2025/12/10 08:02

Gaur gauean jokatuko dute Athleticek eta Paris Saint-Germainek (PSG), Bilboko (Bizkaia) San Mames estadioan, eta polizia-dispositibo erraldoia ezarriko du Ertzaintzak partidaren aurretik nahiz ostean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan du 600 ertzain baino gehiago mobilizatuko dituztela, unitate guztietakoak kasik, Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlanean. 

Teorian, "segurtasuna bermatzea" izango da polizien helburua, baita "zaletuen arteko bizikidetza eta lanegun bateko ohiko jardueren garapen normala bermatzea" ere. Aurreikuspenen arabera, PSGko 2.500 bat zale bertaratuko dira San Mamesera, eta Ertzaintzak kontrolatuko du Guggenheimetik estadioraino egingo duten martxa.

ESAN sindikatu polizialak gaurko partida erabili du, besteren artean, Ertzaintzarentzako baliabide gehiago eskatzeko"Biolentzia gora egiten ari da eta baliabide polizialak ez dira ez hobetzen ez garai berrira egokitzen", zioen aurreko astean ESANek, Segurtasun Saila seinalatuz. Gomazko piloten erabilera aldarrikatu du, adibidez, esanez "ulertezina eta arduragabea" dela Ertzaintzak gomazko pilotak edozein esku-hartzetan ezin erabili izatea.

PSGk iazko martxoan ere jokatu zuen Euskal Herrian, Donostian (Gipuzkoa) hain justu, Realaren aurka. Egun horretan ere dispositibo handia ipini zuen Ertzaintzak, eta Reale Arena estadio inguruan zegoen jendearen aurka oldartu zen partida hasi aurretik, foam jaurtigaiak botaz. Gutxienez hiru pertsona zauritu zituen foam balekin jota (hirugarren zaurituak duela gutxi jarri du salaketa bigarrenez), baina epaitegian gaia tramitatzen ari dira oraindik; duela gutxi deklaratu dute kargan parte hartu zuten hainbat ertzainek.

EZ DAGO IRUZKINIK