Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako polizia-indarrak hauspotzeko Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE) erraldoi bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eta Esther Apraiz Eudeleko presidente eta Derioko (Bizkaia) alkateak eman dute promozioaren berri: Ertzaintzarako 473 postu eta 22 herritako udaltzaingoetarako 170 postu barne hartuko ditu EPE berriak. Besteak beste, udaltzainen 67 plaza eskainiko dituzte Bilbon (Bizkaia), 48 Gasteizen (Araba), hamabi Barakaldon (Bizkaia) eta zortzi Portugaleten (Bizkaia).
Bihar irekiko dute deialdian parte hartzeko izen-ematea. Psikoteknikoak eta "ezagutzakoak" izango dira lehenengo probak, eta ekainean eta uztailean egingo dituzte. Udaren ostean jarraituko dute hautaketa-prozesuarekin, proba fisikoekin eta aurrez aurreko elkarrizketekin.
"Deialdi bateratu horien bidez, Ertzaintzak eta udaltzaingoek eskaintzen duten zerbitzu publikoa indartuko dugu, eta gure poliziak prestatuko ditugu egungo gizarteak planteatzen dizkigun erronketarako", esan du Zupiriak. Apraizek gaineratu du EPE bateratuak "prozesuan arintasuna eta eraginkortasuna handitzea" dakarrela; baina, "batez ere, "udaltzaingoen eta Ertzaintzaren arteko oinarrizko koordinazioa errotik indartzea" ahalbidetzen duela.