AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irekia
2025/04/22 09:33

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, aurreko astean eman zuen Ertzaintza indartzeko planaren berri. Enplegu Plan bat da funtsean, ertzain kopurua areagotzea izango duena helburu: 2030erako, hain zuzen ere, 8.000 agente izatea aurreikusi du gobernuak. Enplegu publikorako deialdiak, barne-sustapenak eta mailaz igotzeko ikastaroak baliatuko dituzte horretarako, besteak beste.

Ertzaintzako gehiengo sindikala (ERNE, ESAN eta SIPE) Segurtasun Sailarekin bildu da jadanik, eta badirudi begi onez ikusi duela proposamena. Badirudi xehetasunak "puntuz puntu negoziatu" nahi dituztela, baina plana babestu dute. Polizia-sindikatuek esan dute, gainera, urtarrilean Jaurlaritzarekin sinatutako itunaren ondorio dela orain aurkeztutako Enplegu Plana, eta orduan adostutako ildoak "aintzat hartu" dituela gobernuak. Sindikatuek uste dute, beraz, "hamar urtean ezer egin gabe egon ondoren", Ertzaintza "etengabe hobetzeko" bidean dagoela orain.

Jaurlaritzak eta ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek, esan bezala, joan den urtarrilean sinatu zuten hitzarmen bat, hainbat urtez luzatu den gatazka baten ostean. Besteak beste, Ertzaintza "modernizatzeko" hainbat neurri eta ertzainen soldatak igotzea onartu zuten akordioan. Aurrerantzean, 4.200 euro gehiago kobratuko ditu agente bakoitzak, eta Espainiako Estatuan ondoen ordaintutako polizia-indarra bihurtu da Ertzaintza.

EZ DAGO IRUZKINIK