AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/06 10:10

Urtarrilean jakinarazi zuten ertzain bat kondenatu zutela, indarkeria matxista pairatu zuen emakume bati sexu-erasoa egiteagatik. 2.190 euroko isun bat baino ez zioten jarri. Diario Vasco-k berriki azaldu du, gainera, erasotzaileak Ertzaintzan jarraitzen duela gaur egun.

Genero-indarkeriaren kontrako unitatean egiten zuen lan sexu-erasoa egin zuenean, Errenterian (Gipuzkoa); eta, esparrua zehaztu ez badute ere, beste lan batzuk egiten omen ditu gaur egun. Antza, "herritarrenganako arretarik" eskatzen ez duten lanetan jarduten du orain.

2021eko apirilean izan zen aipatutako erasoa. Urruntze-agindu baten urraketa zela-eta, Ertzaintzarengana jo zuen indarkeria matxista jasaten ari zen emakume batek. Genero-indarkeriaren kontrako unitateko agente batekin hitz egin zuen. Hurrengo goizean, emakumearen etxera joan zen ertzain hori, aitzakiatzat erabilita ustezko dokumentu batzuk eman behar zizkiola.

Etxera sartu eta eraso egin zion ertzainak; behartu egin zuen eta, besteak beste, ukituak egin zizkion. Emakumeak behin eta berriz eskatu zion alde egin zezala, baina tematu egin zen erasotzailea, eta emakumea behartzen jarraitu zuen. Azkenean, emakumearen etengabeko ezezkoa medio, alde egin zuen gizonak. Epaiketan, gertatutakoa aitortu zuen.

EZ DAGO IRUZKINIK