AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Radio Allen
2024/01/23 10:10

Datorren hilean beteko dira bi urte Ukrainan gerra lehertu zenetik, eta ikaratzeko modukoak dira urteurrenaren atarian NATOko Batzorde Militarreko presidenteak egindako adierazpenak. Rob Bauerrek esan du adi egon behar direla NATOren parte diren herrialdeak, "ustekabea denaren esperoan". Zehazki, gerra handi bati lotuta egin ditu abisu horiek: hurrengo 20 urteetan, Errusiaren kontrako "erabateko gerra" bat pizteko aukeraz hitz egin du. Eta, hain justu, oraindik irekita dagoen Ukrainako gerra erabakigarria izango dela eman du aditzera: guda horrek "munduaren zoria erabakiko" duela uste du.

Aliantza Atlantikoa mugimendu militar erraldoi bat egiteko prestatzen ari denean egin ditu adierazpen horiek Bauer herberetarrak: Gerra Hotzetik izan den ariketarik handiena ari dira antolatzen NATOko 90.000 militar inguru. Maiatzera bitartean, behintzat, halako ariketa militar gehiago egingo ditu NATOk, itxura denez, eta parte hartuko dute Europa osoan zehar sakabanatutako gerra-ibilgailuek. Errusia ere ez dago inola ere geldirik: hirukoiztu egin du gastu militarra, aurrekontu osoaren %40raino igota.

Erreferentzia gizartearen inplikazioari

NATOko goi-karguak, oraingoan, Europako gizartea izan du hizpide. Gerra-iragarpenak egiteaz gain, argi eta garbi eskatu du "gizarte osoa barne hartuko duen ikuspegi bat" gerrari dagokionez. Ukrainako gudari buruz mintzatzean esan du hori, nabarmenduta beharrezkoa dela "gizarte osoak" Ukrainari "babesa" ematea, baino askoz harago ere joan da: adierazi du Europako herritarrak prest egon behar direla datozen 20 urteetan etor daitekeen "erabateko gerrarako". Guda horrek leher eginez gero, gobernuek zibilak mobilizatuko lituzketela gogorarazi du, eta "prozesua kudeatzeko beharrezko sistemak" antolatu beharko lituzketela agintariek.

NATOren garapen militarraz

Aliantza Atlantikoa "eraginkorra" izan behar dela eta, horretarako, "eraldaketa beliko bat" ezinbestekoa dela ere esan du Bauerrek. Azken urteetan, horri lotuta igo dute gastu militarra NATOren parte diren estatuek, eta arma ekoizleei kontratu potoloak agindu dizkie gerra-erakunde kriminal erraldoiak. Berehalako zereginen artean aipatu du Bauer herberetarrak, esaterako, ariketa militar gehiago egitea, bai eta tropa gehiago "alerta aktiboan" jartzea ere.

"Boterearen plaka tektonikoak mugitzen ari dira", gaineratu du NATOko goi-karguak: "Ondorioz, azken hamarkadetan izan den mundurik arriskutsuena daukagu parez pare".

EZ DAGO IRUZKINIK