Mungiako (Bizkaia) Errota Gaztetxeak bi hilabete daramatza desalojo arriskuan. Bertako kideek gogorarazi dutenez, Mungiako Udalak (EAJ) jarri du arriskuan espazioa, esanez eraikina "arriskutsua" dela eta "erabilera pribatiboa" ematen diotela Gaztetxe gisa. Errotatik, baina, argi seinalatu dute "erabaki hau ez dela teknikoa, baizik eta politikoa: udalak gazteak baztertu eta herriko espazio publikoen erabilera mugatu nahi du". Egoeraren berri emateko, bihar egingo dute agerraldi bat udaletxean, 20:00etan.
Errota Gaztetxeak hamarkada bat darama martxan, eta gazteek aldarrikatu dute denbora horretan guztian haiek mantendu dutela espazioa, "herriari bizitza emanez eta alternatibak sortuz". "Gaztetxea ixtea herriarentzako atzerapauso larria litzateke", azaldu dute: "Gaztetxeak tresna kolektiboa izaten jarraitu behar du; gazteon antolakuntza, kritikotasuna bultzatzeko, eta herritik eta herriarentzat sortutako dinamikak ahalbidetuz".
Desalojo saiakera uztailean
Errotako kideek uztailean eman zuten arriskuaren berri. Uztailaren 15ean jaso zuten udalaren dei bat, Gaztetxean "ikuskapen tekniko" bat egin behar zela esanez. Hurrengo egunerako jarri zuten hitzordua, baina Gaztetxeko kideak azkenean ezin izan zirenez egun horretan bertaratu, abisua eman eta beste hitzordu bat adostu zuten. Hala ere, uztailaren 16an, eta gazteei ezer jakinarazi egin gabe, Gaztetxera sartu ziren udaleko ordezkariak, sarrailagile baten laguntzarekin. Hori gutxi balitz, blokeo-morroilo bat jarri zuten atean.
Uztailaren 17an, udalera azalpen eske deitu zuten gazteek, baina ez zieten ikuskapenaren inolako txostenik erakutsi. Hala ere, arratsalde horretan hurbildu zen udaltzain burua Errotara, "esaten txosten horren arabera eraikinaren egoera arriskutsua zela eta Errota prezintatu beharko zutela, sarbidea ukatuz, denboralizaziorik zehaztu gabe", azaldu zuten orduan Gaztetxetik. "Txostenaren esaldi batzuk irakurri zizkigun, baina ez zigun txostena eman ezta erakutsi", gaineratu zuten.
Udaltzaingoak Gaztetxea zarratzeko eta zigilatzeko asmoa zuela jakinik, bertaratzeko eta espazioa babesteko deia egin zuten Errotatik, "eta, badaezpada ere, bi kide eraikin barruan egon ziren". Udaltzainak agertu zirenean, "txostena eta agindua eskatu genituen", baina, azkenean, horiek erakutsi gabe egin zuten alde poliziek. Hurrengo egunean, uztailaren 18an, udalak uko egin zion gazteekin biltzeari, eta egoera salatzeko protesta bat egin zuten haiek udaletxe aurrean.
Orduan laburbildu zuten ondoko helburuak markatu zituztela Gaztetxetik: "Errota Gaztetxea defendatzea, negoziazio-mahai bat irekitzea, eraikinaren azpiegituraren arazoa konpontzea, eta Gazte Asanbladak espazioaren inguruko erabakietan parte hartzeko bermeak izatea".
Ordutik, Errota Gaztetxearen aldeko elkartasun-ekimen eta bestelako hitzordu ugari izan dituzte, uztailaren 24ko Elkartasun Arratsaldea kasu. Abuztuaren erdialdean jakinarazi zuten geldirik zegoela prozesua, baina "datozen egoera posibleetarako antolatzen" ari zirela bertako kideak.