AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Matteo Cor/EFE
2024/10/04 08:25

Palestinaren askatasunaren aldeko aldarriak jazartzen jarraitzen dute Mendebaldean. Azken urtean, horren erakusle garbia izan da Italia, eta oraingoan ere ez dira atzean geratu agintaritzak: Palestinarekin elkartasunez antolatutako beste manifestazio bat debekatu dute Erroman.

Italiako Gobernuak behin eta berriz eman dio babesa estatu sionista terroristari. Babes horren azken urratsa izan da, esan bezala, Erroman biharko deituta dagoen mobilizazio bat debekatzea. Hiriburuko kuestoreak (gobernuaren ordezkaritza moduko bat da, polizia-eskumenak eta abar dituena) igorri du debeku formala.

Arabia-Palestina Batasun Demokratikoak (UDAP) eta Italiako Gazte Palestinarren antolakundeak (GPI) egin dute biharko deialdia. Hura debekatzeko erabakia politikoa dela salatu dute, eta mobilizazio-deialdia mantentzea erabaki dute. Debekuaren ostean, manifestazioak "balio bikoitza" hartu duelakoan daude, gainera.

"Irakurri dut pertsona batzuek, debekua gorabehera, uste dutela manifestazioa egingo dutela. Ikusiko dugu", mehatxatu du Italiako Barne ministro Matteo Piantedosik. Baieztatu du gobernuak ez dituela "ia inoiz manifestazioak debekatzen", baina ez zela "posible" Erromako mobilizazioa baimentzea: "Komunikazio horiek, aipamen handiagoa edo txikiagoa eginda ere, joera dute urriaren 7a sarraski baten gorazarre modura ospatzeko".

DDL 1660, estatu poliziala

Italiako Gobernuak esku artean dauka dekretu faxista bat, DDL 1660 deiturikoa. Besteak beste, protesta politikoa are gehiago erreprimitzea eta zentsuratzea bilatzen du erreformak. Dekretuaren kontrako protestaldi bete-betean heldu da agintaritzen azken debekua Erroman, baina gorriz markatutako eguna izaten jarraitzen du biharkoak, ez soilik antolatzaileek Erromako deialdia mantendu dutelako: DDL 1660 dekretuaren kontrako hainbat mobilizazio ere badaude deituta.

Dekretu berriaren bitartez, protesta egiteko modu ugari kriminalizatzen ditu erreformak, horiek zigortzeko kondenak areagotuta eta tipifikazio berriak sortuta; hala nola, "hitzezko terrorismoa" eta "erresistentzia pasiboa". Hona hemen erreformaren nondik norakoak.

EZ DAGO IRUZKINIK