AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The Objective
2023/01/11 09:56

Frantziako Gobernuak atzo aurkeztu zituen esku artean duen pentsio erreformaren xehetasunak. Jakina zen erretiroa hartzeko adina atzeratu nahi zuela, baina atzo argitu zuen zenbat: 62 urtetik 64 urtera atzeratu nahi du erretiroa hartzeko eskubidea. Modu progresiboan sartu nahi du indarrean aldaketa hori, 2030. urtera bitartean. Datorren irailaren 1ean atzeratuko litzateke hiru hilabete erretreta adina, eta antzeko igoerak ezarriko dituzte urtero, 2030ean 64 urtera heldu arte. 20 urte bete aurretik lanean hasi direnek (ofizialki eta kotizatuta) baino ezingo dute erretreta lehenago hartu, eta lan egiteko gehienezko adin bat ere zehaztu dute: 67 urte.

Erretiro osoa hartu ahal izateko derrigorrezko kotizazio-denbora igo nahi du gobernuak, gainera: 43 urtean finkatu nahi du gutxieneko kotizazio-denbora, 2027tik aurrera. "Bereziki nekagarritzat" jotzen diren lanbideak izango dira salbuespen bakarra. 2013an sustatutako erreforma batek helburu hori finkatu zuen jada, baina 2035erako lortu nahi zuen kotizazio-denbora 43 urtera igotzea. Azkenean, lehenago ezarriko dute igoera, modu progresiboan hori ere.

Gobernuaren esanetan, pentsio sistemaren "oreka" bilatu nahi dute neurri horien bidez. "Beharrezkoa da langile aktiboen kotizazioek erretiratuen pentsioak finantzatzea", esan zuen atzo Elisabeth Borne lehen ministroak. "Defizita urtez urte haziko da, hazten uztea arduragabekeria izango litzateke, eta neurri demagogikoen mende uztea are gehiago", gaineratu zuen.

Gobernuak erreformaren xehetasunak aurkeztu eta minutu gutxira, greba deialdi bat egin zuten Frantziako Estatuko sindikatuek, urtarrilaren 19rako. Pentsioen defentsan kalera ateratzera deitu dute.

Dekretuz

Gizarte Segurantzaren finantzaketari buruzko lege proiektuan sartuko dute pentsio erreforma. Hilaren 23an aurkeztuko dute Frantziako ministroen kontseiluan, eta horren ondoren eramango dute parlamentura, otsailean. Dena den, aurretik ere ulertzera eman dutenez, parlamentuan erreformak nahikoa babes lortuko ez balu, posible da gobernua Konstituzioko 49.3 artikuluaz baliatzea eta erreforma dekretu bidez indarrean sartzea. Modu horretara inposatu zituen, esaterako, aurrekontu orokorrak.

EZ DAGO IRUZKINIK