AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Telecinco
2025/01/22 13:30

PSOEko Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zela, 20211n, pentsio-sistemaren erreforma bat adostu zuen Espainiako Gobernuak patronalarekin eta sindikatuekin. Helburua argia zen: pixkanaka-pixkanaka, langileek erretiroa hartzeko adina atzeratzea. Progresiboki ezartzen ari dira erreforma hori, 2027ra iristean, erretiro-adina 67 urtekoa izan. Urte hau hastearekin batera, 66 urte eta zortzi hilabetean finkatu zuten erretirorako adina, eta geroratzen segituko dute apurka, markatutako helmugara heldu arte.

Baina horrekin aski ez, eta beharginek soldatapeko lanean eman beharreko urteak are gehiago luzatu nahi ditu gobernuak: erretiroa 72 urte betetzean hartzea sustatuko du, beste erreforma baten bidez. PSOEk gidatutako "historiako gobernurik progresistenak" gaur onartuko du neurria Espainiako Diputatuen Kongresuan, Sumar eta PP alderdien babesarekin. CEOE eta Cepyme patronalen zein sindikatu nagusien sostengua ere badu.

Asteazken honetan bozkatuko dute pentsio-sistema publikoaren erreforma berria, eta onartuko balitz, atzeratu egingo dute erretiroa hartzeko gehienezko adina: langileek, euren "borondatez", 72 urte izan arte egin ahalko dute lan soldatapean. Neurri horrek orain arteko norabidea indartzen du, soldatapeko lana eta jubilazio partziala uztartzea bultzatu nahi baitu gobernuak, hori sarituta. Azken azterketa batzuen arabera, Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean ofizialki jubilatu eta hurrengo sei urteetan.

Pizgarriak

Azken erreformak "jubilazio aktiboa" delakoaren baldintzak aldatzen ditu, hau da, euren pentsioak osatzeko lanean segitu behar dutenen baldintzak egokituko ditu. Hain zuzen ere, 72 urte izan arte lanean jarraitzeko pizgarriak emango ditu gobernuak, 67 urte beteta ere beharginek euren "borondatez" segitu dezaten lanean. Pizgarri horiek ondokoak izango dira: "jubilazio aktiboaren" lehenengo urtean, pentsioaren %45 jasoko dute langileek, eta errenta horren zati gero eta handiagoa emango diete urtez urte, bosgarren urtean (72 izatean) %100era iritsi arte.

EZ DAGO IRUZKINIK