Altsasuko (Nafarroa) Gaztetxeak eta Gazte Koordinadora Sozialistak jakinarazi dutenez, azken egunetan eraso anonimoak jasan dituzte Gaztetxeak berak eta Mugimendu Sozialistako kideek. Joan den igandean, gauean, ezezagunen bat sartu zen Gaztetxera: argiak piztuta utzi eta ateko heldulekuan kaka bat zintzilikatzeaz gain, gutun anonimo bat laga zuen. "Eskutitza Mugimendu Sozialistako militanteei zuzenduta zegoen eta hizkera erasokorra eta infantilista erabiltzen zuen", azaldu dute gazteek.
Handik egun gutxira, asteartean, beste kaka bat bota zuten Gaztetxera. Gainera, Gaztetxeko eta GKSko kideek ohartarazi dute ez dela gutun anonimo bat uzten dieten aurreneko aldia: berdin egin zuten iazko udan.
"Eskutitzak edota Gaztetxera sartzeak mehatxu izaera argi bat dauka, Altsasun antolakuntzan ari den gazteria langilearen intimidazioa bilatzen duena", salatu dute gazteek. Baieztatu dute, baina, ez direla "kikilduko": "Jarduera politikoarekin aurrera jarraituko dugu eta Gaztetxearen edota militanteen aurkako erasorik ez dugu onartuko".
Nabarmendu dute, bestalde, Altsasun gertatutakoa ez dela "kasu isolatu" bat, "Gaztetxeen eta gazte langileon kontrako jazarpen eta etengabeko erasoen beste adibide bat baizik": "Gazteak, antolakuntzara batzetik urrun, subjektu despolitizatu eta kriminalizatu bat bilakatu nahi ditu burgesiak". Gogoan izan dute, esaterako, huste arriskuan dagoela Burlatako (Nafarroa) Gaztetxea eta Foruzaingoa duela gutxi saiatu dela berriz Iturmendiko (Nafarroa) Gaztetxera sartzen, hirugarrenez.
đź”´ERASOA GAZTETXEAREN ETA MS-KO KIDEEN KONTRAđź”´
— Altsasuko Gaztetxea (@AltsasukoGA) May 17, 2023
Ezezagun bat Gaztetxera sartu, eskutitz animoa utzi eta atean kaka bat utzi du.
Jarduera politikoarekin aurrera jarraituko dugu eta Gaztetxearen edota militanteen aurkako erasorik ez dugu onartuko. pic.twitter.com/edbDcCjXCY