AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/04 21:33

Gaur goizean izan da Errekaldeko (Bilbo, Bizkaia) Etxarri II Gaztetxearen desalojoa, Ertzaintzak atzo arratsaldetik martxan izan duen operazio polizial erraldoiaren ostean. Langile Kontrolpeko Espazioaren desalojoa salatzeko, Gaztetxea defendatzeagatik zaurituak eta atxilotuak izan diren pertsonei elkartasuna adierazteko eta antolaketa politikorako espazioak aldarrikatzeko, manifestazio batera deitu dute Etxarriko kideek gaur arratsaldean. 19:00etan abiatu da mobilizazioa Ametzolako tren-geltokitik, eta milaka pertsona batu dira. Espaziorik gabe, antolatzerik ez. Gaztetxeak aurrera! izan dute lelotzat.

Kale Nagusian barrena sartu da manifestazioa, eta Gaztetxeen aldeko oihuak izan dira nagusi. Buenos Aires kaleko epaitegitik igarotzean, gainera, Ertzaintzak atzo jazarritako eta jipoitutako pertsonen argazki batzuk erakutsi dituzte hainbat pertsonak, ertzainen polizia-lerroaren aurrean jarrita. Dozenaka gazte zauritu zituen atzo Poliziak, eta urgentziaz ebakuntza egin behar izan diote haietako bati.

Udaletxean amaitu da gaurko mobilizazioa, eta Etxarriko kideek berriz salatu dute Bilboko Udala, bertako Hirigintza Saila eta Amenabar enpresa milioiduna direla Gaztetxearen desalojoaren errudun. Izan ere, haiek guztiak daude Etxarri dagoen kalean egin nahi duten proiektu urbanistiko erraldoiaren atzean. 

Etorkizuneko borrokei begira

Manifestazioaren bukaeran hitza hartzean, Etxarri Gaztetxearen defentsan egindako borroka jarri dute balioan bertako kideek: "Balio dezatela egun hauek Euskal Herrian Gaztetxeen eta bestelako gune okupatuen aldeko borrokak pizteko. Balio dezatela egun hauek zapalduon memorian borroka kolektibo hau gorde eta etorkizuneko borrokak elikatzeko. Etxarri lapurtu digute, baina etorkizunean indartsuago itzuliko gara. Etxarri aurrera! Gaztetxeak defendatu!".

EZ DAGO IRUZKINIK