AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EITB
2025/02/10 15:47

Lanaldia murrizteko Espainiako Estatuan ezarriko den lan-erreformak (astean 40 ordu izatetik 37,5 izatera pasatuko litzateke) kezka sortzen du funtsezko hainbat sektoretan, hala nola eraikuntzan eta ostalaritzan. Izan ere, sektore horien hazkundea lan-indarraren esplotazio zabalduan oinarritzen da. Eraikuntzaren Espainiako Konfederazioak (CNC gazteleraz) eskaera batekin erantzun dio lanaldiaren murrizketari: langileek egin ditzaketen ordu estren muga handitu nahi du. Gaur egun, legez, aparteko 80 ordu egin ditzake behargin bakoitzak urtean, baina eraikuntzako patronalak gehienezko kopurua 450 ordukoa izan dadin nahi du; ordaindutakoak behintzat.

Neurri horrek "lanaldiaren murrizketa konpentsatzea" ahalbidetuko lukeela argudiatu dute enpresaburuek. CNCren arabera, urtean 450 ordu estra baimentzeak "7.000 euro inguruko soldata-igoera eragin lezake ordu horiek egiten dituzten langileentzat". Eta mehatxu bat egin du, aldi berean: Moncloak bere eskaerei jaramonik egiten ez badie, ezkutuan beharginen soldatak jaitsiko dituela dio patronalak, ziurtatuz sektoreko enpresa askok "aparteko orduak debekatuko" dituztela.

Aparteko orduak "borondatezkoak" direla eta "ordainsari handiagoa" izaten dutela ere adierazi du patronalak, eta horrek Gizarte-Segurantzan kotizazio handiagoak egitea dakarrela. Hala ere, Biztanleria Aktiboaren azken Inkestaren arabera, soldatapekoen %6k bakarrik egiten dituzte modu ofizialean erregistratutako aparteko orduak, eta egindako ordu estren %39, gutxienez, ez dira ordaintzen. Hala eta guztiz ere, CNCren ustez, Espainiako Gobernuak aurkeztutako neurriak "nabarmen mugatzen ditu langileek diru-sarrerak hobetzeko dituzten aukerak".

Bestalde, 1,8 milioi pertsona baino gehiago enplegatzen dituen ostalaritzan, nagusiek esan dute "lanaldia murrizteak 5.000 milioi eurorainoko galerak eragin" ditzakeela, "produktibitatea txikiagoa" izango delako eta "langile gehiago kontratatu" beharko dituztelako. Bi patronalek nabarmendu dutenez, horrek "bereziki eragingo lieke beharginen etengabeko presentziaren mende dauden enpresei", hala nola 24 orduko zerbitzua eskaintzen duten establezimenduei.

EZ DAGO IRUZKINIK