Orkatz Gallastegi preso politiko berangarrak Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) uztea erabaki du. "Kidegoa uzteko erabaki hau ez da inoren aurka jotzeko hartua, [...] oinarrizko koherentzia politiko batek narama pauso hau ematera, ez besterik", argitu du. Izan ere, desadostasun politikoei lotutako arrazoiak aipatu ditu: "Ezker Abertzaleak azken urte hauetan guztietan garatu dituen ildo eta estrategia politikoarekiko desadostasun sakonek, mugimendu politiko honekiko desidentifikazio batera eraman naute. Behinola Euskal Herriaren askapen nazional zein sozialerako erreferente politiko izan zenak berau izateari utzi dio nire begietara", azaldu du.
Eta horrek preso politikoen auziari zuzenean eragiten diola iritzi dio Gallastegik: "Gatazka politiko orotan, presoek bete beharreko rola preso izatera eraman dituen borroka politikoaren zilegitasuna mantentzean datzala deritzot [...] herri batek zapalkuntzari aurre egiteko duen eskubidea ez ukatuz ez eta gaitzetsiz ere. [...] Uste dut koherentzia politiko hori urratzen ari dela EPPK [...] Ezker Abertzaleak presoen afera bideratzeko ezarritako bide-orriaren ondorioz".
Berangarrak nabarmendu du, dena den, "zinez dramatikoa" dela "presoen egoera", "espetxeetan botata" utzi dituztelako. Uste du "baldintza horietan ezin zaiola ezein gatiburi koherentzia politikoa manten dezala exijitu" eta, horregatik, "presoek kaleratzeko bidea bilatzeko duten eskubidea aitortu" du. Hala ere, zorrotz adierazi du Gallastegik "oraindik bukatu ez den askapen borroka baten kalterako" dela "kalerako bidea elkarbizitzaren, normalizazioaren edo bakearen izenean [...] politikoki justifikatzea". Hala, "zapalkuntzari aurre egiteko eskubidearen deslegitimazioa adierazten duen diskurtsoa" irauli eta "Euskal Herriaren askapenerako estrategia berri baten baitan kokaturiko arrazoiketa gisa aurkeztea" kritikatu du preso politikoak.
Babesa eta sostengua
EPPK uztearekin batera, Gallastegik uko egin dio "Ezker Abertzalea deituriko mugimendu politikoak eskaini" diezaiokeen "sostengu juridiko, ekonomiko zein politiko orori". Ezker Abertzaleari eskatu dio, gainera, ez ditzala bere "izena eta irudia erabili jarduera politikorako". Aurretik ere utzi dituzte laguntza ekonomikorik, juridikorik edo medikorik gabe EPPK-tik irten diren preso politikoak.
22 urte preso
Gallastegi Zaballan (Araba) daukate gatibu gaur egun, baina Topasen (Salamanca) zein Castello I (Valentzia) kartzelan eduki dute aurreko urteetan. Ertzaintzak 2002an atxilotu zuen berangarra, eta urte horretan bertan espetxeratu zuten. Atxiloaldian torturak salatu zituen, eta torturapean egindako deklarazioak erabili zituzten gero bera zigortzeko. Nazio Batuen Erakundearen Torturaren aurkako Batzordeak ebatzi zuen nazioarteko arautegiak urratu zituela Espainiako Estatuak, Gallastegik 2011n salatutako torturak ez ikertzeagatik.