Astelehenean izan zuten Iruñean (Nafarroa) Errotxapeako Gaztetxearen aurkako epaiketa. Hiru kide epaitu zituzten, eta Errotxapeako Gaztetxeko kideek salatu dute "haien hitza entzun gabe" eta lau urtez luzatu den instrukzioan "aurreratutako guztia baliogabetuz" gauzatu dutela judizioa. Izan ere, epaile aldaketa baten ostean, ahozko saiorako onartuta zeuden froga eta testigantzak atzera bota dizkietela azaldu dute, "gure defentsarako eskubidea urratuz".
Epaiketa burututa, edozein unetan irits daiteke kostu judizialen eta desalojo agindu baten inguruko epaia. Auzia sustatu duen batzarrak gaztetxea eta inguruko eraikinak eraitsi eta etxebizitzak eraikitzeko asmoa du. "Berriro ere agerian geratu da bizi garen sistema kapitalistaren helburua, espekulazioa eta jabetza pribatua lehenetsiz desjabetuon beharrak asetu eta proiektu komunitario bat lortzeko bidearen aurrean". Gogora ekarri dute, halaber, ehunka etxebizitza huts dituztela auzoan.
Elkartasuna agertu dieten guztiei eskerrak emateaz gain, lanean jarraituko dutela ziurtatu dute: "Gaztetxea defendatzeko prest gaude, auzoan horrelako espazio bat beharrezkoa dela argi dugulako".